Erandioko herritarrentzako aurretik aipatutako hiru alor horiek garrantzitsuak diren arren, udal-iturriek jakinarazi dute ekarpen gehienak Lurralde arloari dagozkiola, "batez ere, estetikagaz lotutako kontuak izan dira: garbiketa, berdeguneak, haur-parkeak, plazak eta eremu publikoak estaltzea, aparkalekua, espaloiak, mantentze-lanak, etab." Zehaztu dutenez, prozesuan 129 gizonek eta 184 emakumek parte hartu dute, gehienak 56 urtetik gorakoak eta 36 eta 45 urte bitartekoak.
Horietaz gain, nabarmendu dute honako kontu hauen inguruan ere aipamen asko jaso dituztela: estali gabeko igerilekuak, kirol-instalazio gehiago, udal-eraikinak eta -instalazioak txukuntzea, familia bateragarria egiteko jarduerak, lokalak, txakurren kakak, ingurumenaren kutsadura, saltokiak irekitzeko erraztasunak eta Erandio udalerri erakargarria bihurtzea. Horretaz gain, daborduko onartuta dauden hainbat gai ere aipatu dituzte, hala nola zergen eta soldaten jaitsiera, tasak, adinekoak, gizarte-laguntzak, kontziliazioa, etab.
Gazteen proposamenak gauzatzeko Udalak 20.000 euro erreserbatuko dituela ere gogoratu du; izan ere, profil horretako 14 pertsonek 24 ekarpen egin dituzte. Proposatutako ideien artean, udal-iturriek nabarmendu dituztenak hauek dira: umeentzako parkeak, parke estaliak, liburutegiekin eta ikasketa-gelakaz lotutako gaiak, lanbidea, igerilekuak eta kalistenia-parkea.
Ildo berean, auzo periferikoetatik helarazitako proposamenak asebetetzeko Udalak 80.000 ere gordeko dituela iragarri du. Guztira, ezaugarri hori betetzen duten 18 pertsonek parte hartu dute 24 ekarpenegaz. Horien artean, Udalak nabarmendu dituenak hauek dira: autokarabanentzako aparkalekuak, paperontziak, aparkaleku gehiago, pediatriako zerbitzua, kutxazain automatikoak, eremu publikoen estaldura, asfaltatzea eta espaloiak, semaforoak eta autobus-geltokiak. Horiek kontutan hartzeko baldintzak ziren proiekturik egin behar ez izatea eta erabilgarriak eta asko eskatzen diren obrakaz edo konponketakaz zerikusia izatea.