Giza eskubideen urraketak pairatu dituzten 825 erandioztarren kasuak batu dituzte

Ander Zarraga 2023ko urt. 18a, 14:02

Aranzadiko Ione Zuloaga historialaria eta Maria Dolores Ayo testigantzetarako bideoa prestatzen. © ERANDIOKO OROIMENA

Aranzadi Zientzia Elkartea memoria historikoari eta euskal gatazka politikoari buruzko ikerketa ari da egiten, justizia erreparazioa eta egiaren alorrean. Astelehenean, ikerketa horren lehen emaitzak aurkeztu zituzten Erandion, baita orain arte lortutako emaitzak modu oso bisualean islatzen dituen www.erandiooroimena.eus webgunea ere.

Javier Buces ikerketa burutu duen Aranzadiko kideak aurkezpenenean azaldu zuenez, "lehenik eta behin, egia ezagutu behar da justizia eta erreparaziora iristeko". Horretarako, Bucesek Gerra zibileko, frankismoko eta euskal gatazka politikoko gertaerak aztertu ditu, eta Erandioren kasuan, udalerriagaz harremana duten eta eskubideak kendu zaizkieten 800 kasu baino gehiago dokumentatu ditu. Halaber, ikerlariak azpimarratu zuen Erandio dela horrelako tresna bat duen lehen udalerria; "Galdakao ere horretan dabil, baina Erandiok lehenago bukatu du".

Ikerketaren emaitzak www.erandiooroimena.eus webgunean islatu dituzte modu bisualean eta bi ataletan berezitua: Oroimen Historikoa eta Gertuko Oroimena. Bertan, hainbat motatako urraketak jasan dituzten pertsonen kasuak batu dituzte, baita Batzokiak edo banketxeen aurkako atentatuak ere. Gainera, dokumentatu dituzten 825 biktimetatik hamar pertsonen lekukotasunak ere bideoz egindako elkarrizketen bitartez nabarmendu dituzte. 

Oroimen Historikoa

Bildutako kasuetatik, 649 Gerra Zibilari eta diktaduraren lehen hamarkadetako jazarpenari dagozkie eta Oroimen Historikoa deritzon atalean daude batuta. Horretan, izena eta abizenagaz bilatu daiteke dokumentatutako kasu bakoitzaren fitxa, biktimaren datu pertsonalakaz, jasandako bidegabekeriakaz eta horiek frogatzen dituzten elementuakaz. 

Berbarako, atarian Maria Dolores Ayo Longa edo Manuel Ciarsolo/Ziarsolo Gironella Abeletxe-ren kasuak daude nabarituak. Lehena Erandion jaio zen 1935ean, eta bere biografiagaz batera, irakurri dateke gurasoakaz Frantziara erbesteratu behar izan zela. Ziarsolo kazetari eta antzerkigilea ere erbesteratu behar izan zen eta bueltatu zenean egindako argitalpenengatik atxilotu zuten. 

Aitziber Oliban Erandioko alkatea ere izan zen aurkezpen-ekitaldian eta udalak proiektuagaz duen konpromisoa berresteaz gain, gogoratu zuen prozesua abiatu zela Buces Anton Fernandezen eta Josu Muruetaren kasuak ikertzen hasi zenean; izan ere, euren familien testigantzak ere daude Erandio Oroimena atalean batuta.

Bukatzeko, aurkezpenean adierazi zuten ikerketa ez dutela bukatutzat eman, eta oraindik senideen eta biktimen testigantzak biltzeko aukera dagoenez, erandioztarrei horretan parte hartzera deitu diete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun