Martiartu dorrearen etorkizuna, leinuen gerretako lekukoagaz zer egin aztertzen ari dira

Ander Zarraga 2023ko urt. 27a, 11:51

Herritar talde bat Martiartu dorrearen historia ezagutzeko egindako bisita gidatuetako batean.

Erandioko eremu landatarrenean, baserriz eta basoz inguratuta, Martiartu dorrea nabarmentzen da Goierri auzoan. 500 urte baino gehiago dituen gotorlekuaren historia ezezaguna da erandioztar askorentzat, baina egiturak gordetzen dituen sekretuak aztertzeko eta etorkizunean izan dezakeen erabilera aztertzeko lanean dihardute adituek, dorrea berreskuratzeko abiatutako prozesuaren barruan.

Lanengatik irekita kontzeptuari jarraituz, eraikin esanguratsuaren balioa eta historia ezagutzera emateko bisita gidatuak egin dituzte bertan lanean ari diren Carlos Zuza arkeologoak eta Veronica Quintanilla monumentuen zaharberritzean espezializatutako arkitektoak. Azaldu dutenez, atzo, hilak 26, egin zituzten bisitek arrakasta handia izan zuten erandioztarren artean: "eguraldi txarra egin arren, 120 bisitari inguru izan ditugu goiz bakarrean, eta askok esan digute ez zutela ez dorrea ezta bere historia ere ezagutzen".

"Momentuz, Martiartu dorrearen ikerketa egiteko artxibo historikoak kontsultatzen eta lekuan zundaketak ari gara egiten, lurpean egon daitezkeen interesguneak bilatzeko", azaldu du Zuzak. Quintanillak erantsi duenez, euren ikerketarako abiapuntua izan da bere garaian Agustin Azkarate EHUko irakasleak egin zuen ikerlana: "Gu lan hori osatzen ari gara berak aztertu ez zituen lekuetan zundaketak egiten eta kontsultatu barik utzi zituen iturriak erantsiz".

"Eraikin honen bertutea da oso ongi kontatzen digula bere historia, gaur egun arte iritsi dela jasan duen guztia kontatzeko, hain zuzen. Udaletxeak 50. hamarkadan erosi zuenean, esku-hartze bat egin zuten narriadura geldiarazteko, eta XVI. mendetik ez da ia aldatu. Oso interesgarria da, bai arkitekturaren aldetik, baita historiaren aldetik ere, leinuen gerren liburu ireki bat bezalakoa baita", adierazi du Quintanillak.

Informazio guztia batzen dutenean, bai artxibokoa, bai arkeologikoa ere, txosten bat emango diote Udalari egin daitezkeen esku-hartzeen inguruko proposamenakaz. "Dorreagaz egin daitekeena zehazteko, azterketa-lanetan gauden arkeologo eta arkitektoez gain, besteak beste, ekonomialariek eta soziologoek ere osatzen dute lan-talde bat gara", azaldu dute Gabinete Trama enpresako langile biek.

Dorrearen etorkizuna

Dorrearen etorkizunari buruzko aukerak nagusiak bi izan daitezkeela azaldu dute adituek: dorrea egonkortu eta hondatzea eragozteko lanak egin, arkeologia-ondare bezala uzteko, edo barruan erabilera ezberdinak izan ditzakeen eraikin bat egitea. "Ematen zaion erabilera Udalaren baliabideen araberakoa ere izango da, beti ere, erandioztarren interesekoa izan dadin", azpimarratu du arkitektoak, eta zehaztuz du dorreak interes kulturaleko ondasunaren katalogazioa duela, "beraz, ezin daiteke bere egituran aldaketarik egin".

Itziar Allende eta Iñaki Idiri Goierriko bizilagunak dorrearen ondoan bizi dira, eta bisita gidatuetan parte hartu dute. Diotenez, oso interesgarria egin zaie dorrearen historia ezagutzea, baina mesfidati azaldu dira izan dezakeen etorkizunaren inguruan: "Askotan esan dute zerbait egingo dutela, baina ezerezean geratzen da beti; hala ere, interesgarria izan da hau zer izan zen eta izan zuen garrantzia ezagutzea". Halaber, Allenderi barrutik oso txikia dela iruditzen zaio, "altuera badu, baina diru asko behar da ganorazko zerbait egiteko". Bestalde Idiriren ustez gauza erakargarri bat egin daiteke jendea bertara erakartzeko, baina ez zaio bururatzen benetan eraginkorra izan daitekeen egitasmorik. 

Historia gatazkatsua

Gaur egun ikusi daitekeen dorrearen egitura XVI. mendekoa da, baina horren aurretik, artxiboetako informazioari esker jakin dute XIII. mendean egurrezko egitura militar bat zegoela bertan. "Egurrezkoa zela dakigu, Leinuen gudetan Legizamon familiakoak, Martiartuen etsaiak, dorrea erre edo ebakitzera etorri zirela aurkitu dugulako", azaldu du Zuzak.

Horren ostean, XV. mendean, gotorlekua harriz eraiki zuten, baina 1472 urtean Isabel I. Gaztelakoaren jarraitzaileek berriz ere suntsitu zuten, ondorengotza gerretan Martiartu familia Enrique IV.aren eta bere alabaren alde azaldu zirelako. Azkenik, XVI. mendean, berriro eraiki zuten jauregi bezala erabilzteko, gaur arte iraun duen itxuragaz.

Arkeologoak baieztatu duenez, "azken eraldaketa horretan iparraldeko horma bota zuten, eta gainontzeko hiru hormen kanpoko aldean eraiki zituzten hormak, dorrearen egitura handituz, baina aurretik zegoen dorrearen hormak oraindik mantentzen dira barruko aldean". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun