Erandioko Udaleko langileek urte bat baino gehiago daramate eguaztenero udaletxearen atarian elkarretaratzeak egiten euren lan-baldintzak hobetzeko lan-hitzarmena berritzeko exijitzen. Deitoratu dute egungo hitzarmena 2008koa dela, eta, ordutik, "EAJren gobernuak legez behartuta dauden hobekuntzak besterik ez ditu onartu". Besteak beste, euren lan-egutegia aldatu eta atseden egunak kendu dizkietela salatu dute.
Gaur, borroka horretan aurrerapauso bat eman dutela nabarmendu dute, kontziliazio-plan bat negoziatzeko eskaera eraman baitute osoko bilkurara EH Bildu, PSE eta Podemos alderdien babespean. Proposamena ez da aurrera atera bilkuran hiru zinegotzi falta zirelako. Hala ere, eskaerari beste buelta bat emango diotela eta EAJ negoziatzera behartuko dutela azpimarratu dute.
Beharginek deitoratu dutenez, hiru sindikatuek plan bat aurkeztu zioten gobernu-taldeari "negoziaziorako oinarri modura". Funtzio Publikoko arduradunak erantzun zien ez direla gai horri buruz ezer negoziatzeko, hori negoziazio kolektiboko kontua dela eta Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteari dagokiola. Sindikatuetako ordezkariak ez datoz bat azalpen horregaz, eta "hemen eta orain" negoziatzeko aukera dagoela aldarrikatu dute.
"Kontziliazioaz eta zaintzaz horrenbeste hitz egiten den garai honetan, egokia ez ezik ezinbestekotzat ere jo dugu hitzetatik ekintzetara pasatzea. Baldintza hobeak behar ditugu lana eta bizitza-pertsonala uztartzeko, zaintza lanak arintzen lagunduko duten neurriak negoziatzea eta adostea aldarrikatzen dugu", adierazi dute sindikatuek.