Lurren jabea den Labartain S.L. enpresak Astika Herria osatzen duten hiru etxebizitzak, tartean XVI. mendeko baserriak, eta pabiloia eraisteko baimena jaso zuenetik, gune okupatua husteko mehatxua etengabea izan da. Azken mugarria Bilboko epaitegi batek jarri zuen martxoaren 3an, 30 eguneko epea ezarri baitzuen gune okupatua husteko.
Bertan bizi direnek iragarri dute ez dutela joateko asmorik, eta nabarmendu dutenez, "gure esku dauden baliabideekin aurre egingo diegu eta azken egunera arte geratuko gara hemen".
"Labartain S.L. enpresak, Erandioko EAJ-ren ezinbesteko laguntzarekin, aurrera eraman nahi du proiektu txikitzailea, gaur egun hemen dauden zelai berde eta XVI. mendeko baserriak, lazeriaren eta porlanaren azpian estaltzeko", adierazi dute Astika Herrian bizi diren kideek.
Azaldu dutenez, epaitegiaren erabakiari helegitea jartzen saiatuko dira, bertan bizi diren pertsonak "erabat prekarizatuta gaudelako eta botatzen bagaituzte gure egoera okertuko delako". Hala ere, erabakia irmoa dela deitoratu dute eta, helegitea onartzea lortu arren, bertatik bota bezain pronto enpresak etxebizitzak eraitsiko ditu, "beraz ez dugu inora bueltatzeko aukerarik izango".
Elkartasunerako deia
Astika Herriaren aldeko elkartasuna sustatzeko ekintzak prestatuko dituztela ere iragarri dute, eta, horiek zehaztu ahala, sare sozialetan eta kaleetan jakinaraziko dituztela esan dute. Aurreratu dutenez, baliteke martxoaren 24an ekitaldia egitea; "Euskal Herriko indar bizi orori bihotzetan daramagun mundu berri horren alde borrokatzeko deia luzatzen diegu, adi mobilizazioetara".