Udal-iturriek azpimarratu dutenez, hezegune horrek garrantzi handia du bere baitan dituen prozesu hidrologiko eta ekologikoengatik, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planean dago sartuta.
Jorge Gonzalez Enplegu, Turismo eta Berdintasun zinegotziaren hitzetan, URAk –Uraren Euskal Agentziak– eskatuta, 2011n egindako azterlanean, "gune hau interes berezikotzat jo zuen, bai bere fauna-komunitateagatik, bai landarediagatik ere, zingira-eremuen ezaugarriengatik eta inguruko landazabaletik datozen espezieen presentziagatik aberastutakoengatik". Ildo horretan, iaz informazio-kartel bat jarri zutela ere gogoratu du zinegotziak, "ingurumen-balioaren interesa nabarmentzeko".
Orain, ekimen berriagaz beste urrats bat emango dute, URAk egin zuen azken azterlanean proposatutako esku-hartzeetako bat kontuan hartuta, hau da, hezegunetik hondakinak kentzea. Udalak azpimarratu duenez, hezegunearen egungo narriaduraren ondorioz, arriskuan jarri da habitata bera eta hezegunean dagoen faunaren zati handi bat ugaltzea.