Iker Iribarren izango da PPko alkategaia Erandion

Erredakzioa 2023ko mar. 22a, 13:19

Iker Iribarren PPko Erandioko alkategaiaren aurkezpen-ekitaldia. © PP

Alderdi Popularreko Kanpaina Batzordeak 22 urteko Zientzia Politiko eta Kudeaketa Publikoko ikaslea izendatu du Erandioko alkatetzarako hautagai, maiatzaren 28an egingo diren udal-hauteskundeetarako. Atzo egin zuten aurkezpen-ekitaldian, Carloz Iturgaiz Euskadiko PPko presidentearen babesa jaso zuen.

Alderdiko arduradunek atzo hautagaiaren aurkezpenean azaldu zutenez, itxura berria eman gura diote politikari, eta horregatik egin dute ilusio eta interes handiko gazte baten aldeko apustua. Azpimarratu dutenez, Iribarren, gaztea izan arren, Bizkaiko PPko zuzendaritzako kide da, eta gaur egun Gazteriako idazkaria ere bada.

"Nire alderdikideen bide politikoa gertutik jarraitu dut, eta argi daukat, ahalegin eta dedikazio handiz, Erandioko bizilagunen bizitza hobetu dezakedala", adierazi du Erandioko alkategai Iribarrenek.

Halaber, hautagaiak azpimarratu du garrantzitsuena Erandion aldaketa politikoa lortzea dela, eta horretarako funtsezkoa dela gazteen aldeko apustua egitea, "ideia berriakaz eta egungo egoera politiko, sozial eta ekonomikoa hobetzeko gogo handiagaz baitaude".

Bukatzeko, Iribarrenek erandioztarren arazoak konpontzeko bere ibilbide-orria finkatu du udal-hauteskundeetara begira, auzotarren arazoak izango dituena erdigunean. Besteak beste, hauek azpimarratu zituen: tokiko eta kalitatezko merkataritza bultzatzea, delinkuentzia gutxitzea eta udalerrian aparkatzeko dauden arazoei irtenbidea ematea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun