Hots egin dute Tartangako berdegunea babesteko borrokan jarraituko dutela

Ander Zarraga 2023ko mar. 27a, 12:46

Tartanga Berdea plataformako kideek argi utzi zuten borrokan jarraituko dutela "azken unera arte". © TARTANGA BERDEA

Hainbat herritarrek Altzagako kaleetan manifestazioa egin zuten atzo, martxoak 26, Tartangako hirigintza-proiektuaren aurka. Bertan, Erandioko Udalaren jarrera gaitzetsi eta aurreko otsaileko osoko bilkuran gertatutako salatu zuten: "2.000 auzokideren borondatea zaramara bota nahi izan zuten, eta datorren eguenean, entzun gaitzaten, osoko bilkurara joango gara". 

Altzagako kaleetatik egin zuten manifestazioa Irailaren 23a plazan bukatu zuten. Bertan, azken asteetan errepikatu duten leloagaz abiatu zuten manifestuaren irakurketa: "Ez guri adarrik jo!". Jarraian, Tartanga Berdea plataformako kideek euren haserrea azaldu zuten; izan ere, Udala "forma akatsagatik" zuzenketa egiteko eskatu diete, urtarrilaren 18an herri-ekimena gauzatzeko aurkeztu zituzten 2.000 sinadura baino gehiago notario batek egiaztatu behar baititu. "Kontsultatu dugu, eta, adibidez, Durangon ez zen notario bat behar izan eraiki nahi zituzten bost dorreen aurka aurkeztu zituzten sinadurak egiaztatzeko. Durangon, Udaleko idazkariak berak egin zuen egiaztatze-lan hori", azaldu zuten.

Halaber, EAJ, PSE eta Podemos alderdiek aurreko Udalaren osoko bilkurara Tartanga Berdearen herri-ekimena premiazko mozio bezala eramatea ere salatu zuten beste behin, alderdiek ez baitzuten beraiekaz ezer adostu, "Tartangari buruz hitz egitea saihestu nahi dutelako. 2.000 auzokideen borondatea zaramara bota nahi izan dute inork zaratarik atera gabe", deitoratu zuten.

Udalak Tartangako berdegunea enpresa pribatuei "oparitu" dietela ere gaitzetsi zuten eta gaineratu zutenez, "Abaroa enpresak sortutako hondamendiaren kudeaketak oso konponbide txarra izan du gure herriarentzat. 16 urte baino gehiago behar izan dituzte Erandioko 66 familiari etxeak itzultzeko, 14 milioi euroko balioa duten lursail publikoak oparitu ditugu".

Bukatzeko, iragarri zuten eguenean egingo den osoko bilkurara eramango dutela beraien protesta eta plataformatik "lurrak berreskuratzeko eta bertan eraiki ez dadin", borrokan jarraituko dutela iragarri dute.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun