Aurreko urtarrilaren 14an, Tartanga Berdeak 2.000 sinadura baino gehiago aurkeztu zituen Altzagako berdegunean egin gura duten hirigintza-proiektua geldiarazi eta horren inguruko herri-galdeketa bat egiteko eskaera Udalaren osoko bilkurara eramateko. Plataformako kideek nabarmendu dutenez, "lehen aldia da 2.000 erandioztar baino gehiagok udal-ekimen legegile baten alde sinatzen dutela".
Hala ere, deitoratu dute gobernu-taldea prozesua oztopatzen saiatu dela, EAJ, PSE eta Podemosek gaiari buruzko premiazko mozioa bilkura baino 24 ordu aurretik sartu dutelako bilkuraren gai-ordenan. Horren berri "modu ez oso ortodoxoan, telefonoz" izan dutela ere azaldu dute, eta gaitzetsi dute, Tartanga Berdea auzo-ekimen bat izanik, ez dutela behar bezalako denbora izan horrelako ekimen bat lantzeko. Halaber, nabarmendu dute gobernu-taldearen "bat bateko presa horiek" arreta deitu dietela eta gauzak beste era batera egin daitezkeela, "eta egin behar direla" ulertzen dutela.
Bukatzeko, iragarri dute euren helburuari tinko eutsiko diotela, "2.000 erandioztar baino gehiagoren sinadurekin aurkeztutako udal-ekimen legegilea landu ahal izateko datorren martxoko osoko bilkuraren gai-zerrendaren barruan". Halaber, argi utzi dute Altzagako berdegunearen desagerpena salatzeko mobilizazio eta salaketa soziala egiten jarraituko dutela.
Udalaren mozioa
Tartanga Berdeak egindako eskaeraren inguruan zera adierazi du Erandioko alkatetza duen EAJ alderdiak: "Gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen ariketa batean, eta sinadura-bilketaren zorroztasuna baloratu gabe, gure alderdia ez da izango eztabaidarako aukera lapurtuko duena".
Halaber, Udalak egitasmoari lotuta agindutakoa mantenduko duela ere azpimarratu du: "Udalak eutsi egin behar die hartutako konpromisoei inguruan eraikuntza-proiektua aldatu gabe, birkokatzeko zain dauden familietako 180 pertsona etxerik gabe gera ez daitezen eta udalerrian dagoen etxebizitza-beharrari erantzuteko".
Gogoratu du egitasmoa Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko akordiotik jaio zela, eta Altzaga auzunean industriaren jarduerak kaltetutako lurrak birgaintzeko helburua duela, "babes-erregimenen bat izango duten etxebizitzak eraikiz eta lorategi-eremuak sortuz".
Horrez gain, gobernu-taldeak inguru hori berrurbanizatzeko daborduko egin dituen azken esku-hartzeak nabarmendu ditu, eta aldi baterakoa zen berdegune hori ordezkatuko duen 10.000 metro koadroko parke bat eraikiko dutela duela agindu dute.
EH Bilduren jarrera
Bere aldetik, Erandioko koalizio abertzaleko kideek gogor salatu dute gobernu-taldearen "amarrua", Tartanga Berdeak aurkeztutako legegintzako herri-ekimenari "bide ez emateko". Horrez gain, Podemosen jarrera ere "ulergaitza" egiten zaiela deitoratu dute, EAJk eta PSEk aurkeztutako premiazko mozioa babestu dutelako, "Tartanga Berdeak sortutako mugimenduri zilegitasuna kenduz eta 2.000 sinatzaileak mespretxatuz".
"Mozioa urgentziaz sartu duzue, 24 orduko aurrerapenagaz, jendeak jakin ez dezan, 2.000 erandioztarren sinadura zaborretara botatzen dituzuen bitartean", ebatzi dute EH Bilduko kideek.
Horrez gain, Tartangaren inguruan egindako kudeaketa maiatzeko udal-hauteskundeei begira "ezkutatzekoa modukoa" dela ere salatu dute, 14 milioi euroko balioa duen 20.000 metro koadroko lursail publikoa eraikuntza-enpresa bati "oparitu" omen diotelako. Besteak beste, gobernu-taldeari leporatu diote ez dutela nahi azaleratzea egin dituzten "negozioak" ezta duela 17 urte zain dauden familiak birkokatzeko Udalak orain arte ordaindu dituen 800.000 euro inguru.
Bukatzeko, Tartanga Berdearen aldarrikapenak babesten jarraituko dutela ere iragarri dute, eta oraindik hasi ez diren lanak eta proiektua gelditzeko eta herri-galdeketa egitea eskatu dute.