Aurreko martitzenean, Galdakaoko PSE-EEko udal-taldeak Galdakao Oroimena webgunean azaltzen ziren ETAko kideen izenak kentzea eskatu zion udal-gobernuari "giza eskubideen urraketen biktima gisa" agertzen direlako. Zehaztu zutenez, besteak beste, Xabier Garcia Gaztelu Txapote ETAko buruzagi ohia azaltzen da espetxe-espetxe politika eta salbuespenezko legeen aplikazioa kategorian.
Horregaz batera, Covite terrorismoaren biktimen elkarteak salatu du Aranzadik beste hainbat udalerritan egin dituen webguneetan ere ETAko kideak biktimen artean sartu dituztela, besteak beste, Hernanin.
Hori dela eta, Erandio eta Tolosako udalek bilatzailea desaktibatzeko eskatu diote Aranzadiri, eta nabarmendu dute Gogora Institutuagaz lanean ari direla biktimak aintzatesteko. Erandioren kasuan, Udalak aurreko urtarrilean aurkeztu zuen Javier Buces Aranzadiko historialak egindako ikerketaren emaitza eta www.erandiooroimena.eus webgunean jarri zuen ikusgai dokumentazio guztia.
Adostasuna metodologian
Bucesek hauteskundeen logikan kokatu du Galdakaoko PSE-EEk egindako salaketa, eta 2021ean hautetsiek ikerketarako metodologia berretsi zutela ere gogoratu du. "Haiek bazekiten zein metodologia erabiltzen dugun. Bienzobas eta Garcia Gaztelu ez daude identifikatuta giza eskubideen urraketaren biktima bezala, baizik eta jasandako beste sufrimendu batean. Oso ezberdina da. Argi dago bereizketa", azaldu dio Naiz Irratia komunikabideari.
Halaber, historialariak azpimarratu du orain arte erabilitako metodologian ez dela "inongo oztoporik egon", eta proiektua udaletako ordezkari politikoen "kontsentsua lortu ostean" hasi zela. Horregaz batera, Aranzadiko kideak ez du eztabaidarako atea itxi, baldin eta hori hauteskundeen dinamikatik kanpo egiten bada: "Arazo bat baldin badago eta norbait minduta sentitzen bada, prest egon behar gara entzuteko"
2013tik lanean
Aranzadi Zientzia Elkartea 2013tik ari da EAEko hainbat udalerritan Memoria Historikoaren alorrean ikerketak egiten. Horietarako oinarrizko irizpideak nazioarteko estandarrak baliatu dituztela azpimarratu dute: egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak eta memoria. Gaineratu dutenez, horren xedea da azken hamarkadetan motibazio politikoko indarkeriatik eratorritako kasuak integratzeko tresna erabilgarria sortzea, eta erabilitako identifikazio- eta kategorizazio-irizpideek bereizi egiten dituzte giza eskubideen urraketa larrien biktimak eta motibazio politikoko indarkeriaren ondorioz sufrimenduak jasan dituzten pertsonak.
Bucesek azpimarratu duenez, "txosten edo webgune hauek dira lehen pausoa, haien artean adostasun sakon bat lortzeko; egia eta justizia lortzeko edo erreparazio ekitaldiak egiteko". Zentzu horretan, tresna oso baliagarriak direla nabarmendu du: "Denak daude baina ez daude nahastuta. Memoria integral bat egiteko ondo dago".