Erandioko Quiron ospitaleko langileek hiru greba-egun egingo dituzte gaurtik hasita

Ander Zarraga 2023ko api. 17a, 09:59

Erandioko Quiron ospitalea, artxiboko irudian. © QUIRON BIZKAIA

Beharginek lan-hitzarmen duin baten aldeko lanuzteak egingo dituzte gaurtik eguaztenera bitartean. Gaur, astelehena, 10:00etan hasi dituzten protestetan elkarretaratzea eta karabana egingo dituzte osasun zentroaren inguruan; aldiz, bihar protestak Bilboko erdigunera eramango dituzte.

Satse sindikatuko batzordeko kideek azaldu dute ospitaleak dituen 13 urteetan beharginek hiru hitzarmen bakarrik sinatu dituztela eta sei urte daramatzatela langileen estatutuagaz. Negoziatzeko eta adostasunera heltzeko asmoa azaldu duten arren, deitoratu dutenez, "enpresaren aldetik, inoiz ez dago federik negoziazio azkar eta on batera iristeko, higadura darabilte eta zain egoteaz nekatu gara". Jasotako ezezkoen ondorioz, kalera ateratzea erabaki dute eta gaurtik eguaztenera bitartean mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute.

Lehendabiziko protestak Erandioko ospitalearen inguruan egingo dituzte gaur goizean zehar, Bihar, martitzena, Bilbo erdigunera eramango dute protesta eta eguaztenerako ere mobilizazioak iragarri dituzte.

Ez da lehen aldia Erandioko Quiron ospitaleko langileek lanuzteak egiten dituztena. 2016ko azaroan protestak abiatu zituzten, elkarretaratze eta lanuzte partzialakaz astelehen arratsaldeetan, eta, 2017an, 250 langileek 24 orduko bi greba burutu zituzten, hainbat manifestaziogaz batera; orduan, sindikatuaren hitzetan, "langileen % 99k" egin zuten bat protesta horiekaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun