Erandioko Udalarentzat lanean ari zen agenteak helegitea jarri zion Udalari bere lanpostuak B2 mailaren derrigortasuna atzera botatzeko asmoz. Eskatutakoa lortu ez zuenez, auzitara jo eta Bilboko Administrazioarekiko Auzien 1 zenbakiko epaitegiak lanpostuaren derrigortasuna ezabatzea erabaki du.
Sententzian argudiatzen da, 14 urtez lanpostuan izan den langileak euskara ikastaroak egin dituen arren, gutxieneko eskakizuna ez duenez desabantailazko baldintzetan lehiatu beharko lukeela euskararen ezagutza frogatuta duten gainerako hautagaiakaz.
Idurre Eskisabel Euskalgintza Kontseiluko idazkari nagusiak zera adierazi du epai horren inguruan: "Horrelako epaiak euskararen normalizazio eta biziberritze-prozesuan oztopoak besterik ez dira. Ez da bidezkoa euskaraz bizitzeko ahalegina auzitegiek kamustu nahi izatea, ez da ez bidezkoa, ez eta zilegi ere".
Era berean, Kontseiluko eledunak adierazi du epaia ez dela gertaera isolatua, azken boladan epaitegietatik datorren joera baten beste katebegi bat baizik: "Oraingoan, udalek langile publikoei euskararen ezagutza eskatzeko duten eskumena izan dute auzitegiek jomugan. Udalek hizkuntza-politika egiteko duten eskumenaren aurka jo dute, alegia".
Sententziak errekurrituta dagoen Uliazpi Fundazioaren lan-deialdiaren aurkako epaia baliatu du erabakia arrazoitzeko. Hala ere, kasu horretan ez bezala, oraingoan ez dute lan-deialdi baten kontra egin, zuzenean Erandioko Udaltzaingoko lanpostuen ezaugarrien kontra baizik. Halaber, Kontseiluko iturriek zehaztu dutenez, lanpostuak 2007an iraungitako euskararen nahitaezkotasuna zuen.
Lanpostuen ezaugarrien kontra
Langile publikoaren nahitaezko euskara-eskakizuna ezabatu duen epaiak herritarren eskubideetan izan dezakeen eragin negatiboaz ere ohartarazi du Eskisabelek: "Udaltzaingoak herritarrei zuzeneko zerbitzua ematen diela kontuan harturik, lanpostu horiei derrigortasuna kentzeak erabat baldintzatzen du herritarrek udaltzainekin harremana euskaraz izateko duten eskubidea, herritarren segurtasuna bera ere kaltetu eta baldintzatu dezaketelarik".
Era berean, Kontseiluak salatu du epai horrek beste behin euskararen gutxieneko ezagutza ezbaian jartzen duela, eta, deitoratu dutenez, herritarrei eman behar zaien zerbitzuaren ezaugarrietan oinarritu beharrean, hautagaiek egun duten ezaugarrien araberako lan-postuak diseinatu gura dituztela epaitegietatik.
Eskisabelen hitzetan, "ikusten ari gara epaitegietatik behin eta berriro datozela euskaldunon eskubideak urratzea are eta errazagoa izatea ahalbidetuko duten epaiak. Egun indarrean dagoen legeriak hizkuntza eskubideak bermatzeko uzten dituen aukerak epaien bidez ixten ari dira auzitegiak. Hau da, auzitegiak hizkuntza-politiketan eragile aktibo bihurtu dira".
Era berean, Erandioko EH Bilduk ere sententzia "euskararen eta euskaldunon eskubideen aurkako eraso onartezina" dela ebatzi du, eta, honako hau gaineratu du: "Horrelako sententziek erakusten digute gure hizkuntza oraindik ere erasotu eta zokoratu nahi dutela". Era berea, Udalak epaiaren aurka egiteko hartutako erabakia txalotu dute eta egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.
Agerraldiak
Sententzia horren aurrean hainbat eragilek iragarri dute mobilizazioak egingo dituztela. Lehenak bihar, barikuan, egingo dituzte Erandion, 18:00etan, Irailaren 23a plazan, Berbots elkarteak eta ELA eta LAB sindikatuek deituta. Halaber, Euskalgintzaren Kontseiluko bazkideek eta beste hainbat eragilek agerraldia egingo dute maiatzaren 10ean Bilbon, goizeko 11:00etan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.