Atzo, Guardia Zibilaren Ingurumenaren Operazio Unitate Zentralak (UCOMA) Asuako industriagunean dagoen Befesa lantegia arakatu zuen, Bizkaia eta Gipuzkoan burututako ingurumenaren aurkako ustezko delituak ikertzeko operazio batean. Igorritako lehen informazioen arabera, toxikoak izan daitezkeen hondakinak sortzeagatik ikertzen ari dira zepak birziklatzen dituen Erandioko lantegi hori.
Erandioko Auzokideok plataformak Befesa lantegia salatu zuen 2021ean, "kontrolik gabe egiten dituen isuri arriskutsu eta kaltegarriengatik". Salaketa Bilboko auzitegietan jarri zuten, aurretik erakundeetara igorritako kexek izan zuten erantzun falta zela eta. Azaldu dutenez, aurreko urtarrilean ere Guardia Zibilak beste miaketa bat egin zuen lantegi horretan.
Halaber, auzo-elkarteko kideek sare sozialetan azaldu dutenez, poliziaren jarduketa horren ostean, "gure Ingurumena Zaintzeko Sareak kontrolik gabeko emisioen murrizketa hauteman du".