Azken asteetan Erandio hainbat komunikabidetan agertu da Barakaldogaz lotzeko egingo dute zubiaren egitasmoa dela eta. Nola baloratzen duzue proiektua?
Egitasmo hori ez da berria, duela hamarkada batzuk antzeko zerbait egiteko asmoa zegoen. Guk horrelako egitasmoak ondo ikusten ditugu, itsasadarreko bidegorriaren kontua bezala, baina hitzak ondo geratzen diren arren, guk ekintzak ikusi gura ditugu. Erandio beti geratu da apur bat baztertuta; itsasadarreko ahatetxo itsusia bezalakoak gara. Duela 40 urte desanexionatu ginen Bilbotik, baina abestiak oraindik balio du: “kaleetan putzuak eta paseorik ez”. Jende askok pentsatzen du Bilbon jarraituz gero hobeto egongo ginela.
Hala ere, onartu behar da gauzak asko hobetu direla azken lau hamarkadetan. Metroak asko egin zuen, eta gauza asko hobetu diren arren, inguruko udalerriakaz konparatuta oso desorekatuta gaude. 2022an gaude eta kutsaduraren arazoak hor darrai, Tartangako berdegunearen kontua ere hor dago...
Kutsaduraren arazoa diozu. Etorri zarenean larrialdietara deitu duzu, zergatik?
Bai, larrialdietara deitu dugu beste aire-isurketa bat egon delako Asuan; hori gure eguneroko ogia da. Hor dauden lantegiek produkzio-hazkunde izugarria izan dute azken urteotan eta gura dutena eta gehiago ari dira kutsatzen. Batez ere, 2017an Befesak munduko laberik handiena jarri zuenetik: 65 tona galdaketa bakoitzeko. Horretaz gain, ingurumen- eta estrategia-baimenak eguneratu zituzten eta ordutik ekoizpena bikoiztu baino gehiago egin dute. Asuako harana txatarra birziklatzeko zero gunea da EAEn. Orain, ekonomia zirkularra edo lantegi berdeak bezala saltzen dira erakundeen oniritziagaz, baina horra doazen hondakinak mundu osotik ekartzen dituzte, inork ez dituelako tratatu gura. Salaketak ez dira Erandiora bakarrik mugatzen, Getxon, Leioan eta Sondikan ere arazo hori pairazten dutelako.
Getxoko airearen adierazleak ikusiko bazenitu harrituta geratuko zinateke: Euskadiko aire-kalitate txarrena bertan dago, nagusi diren haizeek kutsadura horra bideratzen dutelako. Guk urteak daramatzagu jarraipena egiten, eta 2022a bereziki txarra izaten ari da. Guk partikulak neurtzen ditugu eta sare sozialetan jartzen ditugu emaitzak, baina Eusko Jaurlaritzak neurgailu ofizialak ditu inguruan, eta hori ere ikus daiteke hori.
"Auzo eta herrietako bizitza baldintzatzen ari da kutsadura, une batzuetan jendea ezin daitekeelako kalera atera edo etxeko leihoak itxita eduki behar dituelako"
Horren aurrean fiskaltzari kutsadura salatzeko eskatu diozue.
Bai, auzo eta herrietako bizitza baldintzatzen ari da kutsadura, une batzuetan jendea ezin daitekeelako kalera atera edo etxeko leihoak itxita eduki behar dituelako. Horregatik, fiskaltzan salaketa bat jarri dugu eta gaia ikertzen ari dira, eta, aldi berean, isurketak egiten dituztenean neurketak egin eta irudiak ateratzeko antolatutako herritar talde bat ere horretan gabiltza. Ezin daiteke izan gaur egun lantegi batek horrelako kutsadura sortzea egunero; izan ere, lantegi horretan egiten den prozesua osasunarentzako oso arriskutsutzat jotzen da. Eta guk ikusten dugu egunez egun kea lantegiko teilatutik ateratzen dela inolako kontrol barik. Ez dute inolako neurririk hartzen hor dauden hauts toxikoak kudeatzeko. Gainera, guri bertako langileen osasunak ere arduratzen gaitu: ezagutzen ditugu bertan lanean egon diren pertsonak eta alde egin behar izan dutenak, hori infernua delako.
Eta zer diote politikariek horren inguruan?
Honelako elkarteetan sartuta gauden gehienok ez dugu konfiantzarik alderdi politikoetan, arazoaren parte direla uste dugulako. Erandiogoikoan, 2014an hasi ziren salaketak egiten, isurketa baten ondorioz familiak parketik ihesi atera behar izan zirenean, baina 2017an produkzioa areagotzeko baimena jaso zuten. Erakunde publikoak eta alderdi politikoak mundu paraleloetan bizi direla dirudi. Guk krisi bat ikusten dugu hor, eta agintarien kudeaketa kritikatzen dugu, baina baita oposizioko alderdien pasibotasuna ere. Askotan ez oposizioa esaten diegu, zaunka egin arren ez dutelako hozka egiten. Hainbatetan salagarriak diren kontuak aurkeztu eta gure jarrera babesten duten arren, ez dute inolako salaketarik egiten. Alderdi politikoen interesak eta herritarronak ez datoz bat, eta horregatik ulertzen dugu arazoaren parte direla, beraz, horien barruan eraldaketa bat ez dagoen bitartean hemen ez da ezer aldatuko. Gure taldean ideologia guztietako pertsonak daude, baina guri elkartzen gaituztenak herriko arazoak dira, batez ere, osasunagaz eta bizi-baldintzakaz lotutakoak, hain zuzen.
"Agian gu zakarregiak gara, zuzenean goaz eta azeleragailua zapaltzen dugu, pentsatzen dugulako alferrikakoa dela itzulinguruka ibiltzea, uste dugulako horrela ez dugula ezer lortuko"
Kutsaduraren auzia salatu duten beste talde batzuk ere daude Erandion, hala nola Erandiogoikoakoak. Nolakoa da beraiekaz duzuen harremana?
Helburu berdinak ditugun arren, ibilbide desberdina ari gara egiten, baina ahalegintzen gara elkarri lana ez oztopatzen, tirabira batzuk egon baitira gure artean. Hala ere, kontaktuan gaude eta bakoitzak bere bidea egiten du. Kontua da gu bakarrik gaudela kutsaduraren aurkako salaketan, nahiz eta beste elkarteei ere eskatu diegun gugaz bat egiteko. Esango nuke gure arteko desberdintasun nagusia dela beraiek alderdi politikoengan konfiantza daukatela eta guk ez. Agian gu zakarregiak gara, zuzenean goaz eta azeleragailua zapaltzen dugu, pentsatzen dugulako alferrikakoa dela itzulinguruka ibiltzea, uste dugulako horrela ez dugula ezer lortuko. Mobilizazioak egitea eta babes soziala izatea ondo dago, baina hurrengo pauso judiziala ere eman behar da.
Kutsaduraz gain, Tartangako berdegunearen kontuan ere sartu zarete herriko beste hainbat taldegaz. Zein da zuen iritzia horren inguruan?
Nola izan daiteke herrikoak ziren eta kirol-instalazioetarako eta berdeguneetarako gordeta zeuden 20.000 metro koadro horiek Azpiegiturak Aldundiaren enpresari ematea etxebizitzak eraikitzeko? Hirigintzako pilotakada bat da, erabat. Eta non geratzen dira Erandioko gune berdeak? Hirigintza antolatzeko legeek diotenez, biztanle bakoitzeko metro koadro berde kopuru bat egon behar da herrian, eta irisgarriak eta erabilgarriak izan behar dira. Ondorioztatu dugu 15.000 edo 20.000 metro karratu inguru izan beharko genituzkeela legez, baina eremu horiek Kukularra eta Gurutzetako amildegietan jarri dituzte. Hori ez da legezkoa, Erandioko Udala herritarrei iruzurra egiten ari zaie. Guk horren aurka salaketa jarriko dugu, eta baliabideak eskuratzeko zozketak eta egin beharko guztia egingo dugu, zentzu horretan ere alderdi politikoak ez direlako ari ezer egiten. Gu Tartanga Berdearen mugimendua babesten ari gara, eta elkarretaratzeetan hainbeste jende elkartzea ondo dagoela pentsatzen dugu, baina justiziaren aurrera eramateko urratsa ere eman behar dela pentsatzen dugu, kutsaduragaz egin dugun moduan, hain zuzen ere.
"Alderdi politikoen eragin faltaren aurrean bizilagunak antolatu behar garela uste dut, oro har, balio-krisi bat bizitzen ari baitira, eta argi daukagulako politikariek ez digutela ezer konponduko"
Zergatik erabaki zenuten Erandioko Auzokideok elkartea sortzea, pentsatzen duzue elkarte izaera izanda erakundeek jaramon gehiago egingo dizuetela?
GUK taldeagaz Getxoko Udalean izan nuen esperientzia politikoan ohartu nintzen informazioa eta harremanak lortu daitezkeela ibilbide politikoan, baina, egia esan, aldaketak eragiteko askoz eraginkorragoa da kalean egotea eta presio-talde bat osatzea, bizilagunakaz arazo jakin baten aurrean borrokatzea, hain zuzen ere. Alderdi politikoen eragin faltaren aurrean bizilagunak antolatu behar garela uste dut, oro har, balio-krisi bat bizitzen ari baitira, eta argi daukagulako politikariek ez digutela ezer konponduko. 2022an, oraindik kutsadura-arazoak erdigunean egoteak guztia adierazten du.
Dena Facebookeko orrialde batean harremana genuen pertsona batzuen artean sortu zen. Gasolinoa nola babestu ahal genuen komentatzen hasi ginen, Erandioko ondarea delakoan. Horretaz gain, Txurruka ibilbidea berriz ere zabaltzeko eskatzeko asmoa genuen baita. Ordutik elkarlanean aritu gara hainbat kontutan, talka batzuk izan ditugun arren, hemen ere bakoitzak bere testuinguru politikoa daukalako. Hala ere, asko atsekabetuta daude babesten dituzten alderdi politikon funtzionamenduagaz, eta oso kritikoak dira.
"Aurten bigarren Gasolino Eguna egiteko asmoa dugu eta herrian oso maitatua den emakume bati omenaldia egin gura diogu, baina batez ere, Gasolinoa bera aldarrikatzeko eguna izango da"
Erandioko Auzokideok sortu zenutenean, hasiera batean Gasolinoari laguntza emateko helburua zenuten. Lortu duzue?
Alde batetik, Gasolinoaren gaia azaleratzea lortu dugu Barakaldoko Desertu Berria elkarteagaz batera. Gure lagunak dira eta egoera kritiko batean daude, eta herriko ondarea izanik zerbait egin behar genuela erabaki genuen. Barakaldoko Udalak hainbat laguntza eta irtenbide eman dizkio Gasolinoari eta Erandioko Udala ere horretan ari da, eta Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia ere inplikatu gura ditugu, Gasolinoaren babesa areagotzeko eta ongi kulturala izendatzeko. Beste aldetik, kutsaduraren gaia lantzen hasi ginen eta denon artean lortu genuen arazoa erakunde publikoetan eta komunikabideetan egotea. Hemendik aurrera, berdeguneen kontua Udalarentzako arazo judiziala izatea ere nahi dugu, orain arte ezer egin ez dutenak ere inplikatzeko.
Aurten bigarren Gasolino Eguna egiteko asmoa dugu eta herrian oso maitatua den emakume bati omenaldia egin gura diogu, baina batez ere, Gasolinoa bera aldarrikatzeko eguna izango da. Ezin daiteke izan ontziralekua urik gabe geratzea marea behean dagoenean, hori ere kontutan hartu beharko lukete Gasolinoa lagundu nahi badute. Ez dugu beti liskarrakaz egon gura, aldarrikapenak jai giroan ere egin gura ditugu, baina aipatutako kontuakaz borrokatuko gara eta behar denari atea joko diogu arazoa guztiona izan arte.