Imanol Eguskiza, EH Bildu: "Norabide aldaketa emateko berme bakarra gara"

Erredakzioa 2023ko mai. 24a, 18:37

Imanol Eguskiza EH Bilduko alkategaia Erandion.

Erandioko HAPO definitzea, kutsadura, langabezia edo etxebizitza bezalako alorretako arazoei irtenbideak proposatzen ditu Erandioko EH Bilduren alkategai Imanol Eguskizak. Dioenez, jendea ez dago politikagaz nazkatuta, "politika egiteko modu batekin" baizik, eta, horregatik, eta, EH Bilduk gauzak beste modu batera egin daitezkeela uste dutelako eskatzen du botoa. Hemen bere gainontzeko proposamenak.

Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?

Gure proposamen nagusia HAPOa (hiri antolamenduko plan orokorra) aurrera eramatea da. 30 urte baino daramagu gaur egun agortuak dauden arau subsidiarioekin eta bada garaia, behingoz gure herria hirigintza eredu ordenatu bat eduki dezan. Gu prozesu hau modu parte-hartzailean abian jartzera konprometitzen gara, horrela Erandioren etorkizuna Erandioztar guztion ahotsa entzunda antolatu eta eraikitzeko.

Beste proposamen nagusi bat zaintza ereduarekin zerikusia du. Guretzat gai hau lehen lerrora ekarri beharreko kontu bat da. Gai honetan sakontzeko Altzaga eta Astrabuduko auzoetan bi eguneko zentro irekitzea proposatzen dugu eta etxez etxeko laguntza zerbitzuan ematen diren ordu kopuruak igotzea proposatzen dugu, gaur egun bigarren eta hirugarren dependentzia graduetan legeak markatzen duenaren azpitik gaude. Zerbitzu honetan dauden langileen lan baldintzak hobetzera ere konprometitzen gara.

Gardentasuna eta herritarron hitzak eta ekintzak benetan kontuan izan daitezen parte-hartze ordenantza bat proposatzen dugu. Honek puntu asko ditu, batzuk azpimarratze aldera, osoko bilkura eta batzordeetan herritarrei parte-hartzeko aukera zabaldu eta haien kexa eta iradokizunei gehienez hilabete batean erantzuteko konpromisoa.

Komunitate energetikoei bidea irekiko diegu, energia demokratizatzeko eta energia berriztagarri eta garbiak erabiltzeko konpromisoa hartzen dugu.

Gure herrian dugun aparkaleku-arazoari aurre egiteko bi proposamen nagusi ditugu. Bat Astrabuduko auzoan, metrotik gertu dagoen magalean, bertan 500 kotxe hartuko lituzkeen eraikin bat proposatzen dugu, gure proposamenarekin gainera kotxe asko herri erditik aterako genituzke, auzoa oinez zuzenean metroarekin lotuko genuke, gaur egun dagoen errepidea saihestuz eta eraikinaren goiko partean 3000 metro karratuko gune bat irabaziko genuke auzoarentzat, guk bertan frontoi bat edo erabilera anitzeko eremu bat proposatzen dugu, baina bertan doana herritarron parte-hartzearekin erabakiko genuke. Bigarren proposamena Altzagako auzoan kokatzen da, “merkadilloan” bertan beste altuerako aparkaleku bat proposatzen dugu, baina bertan gaur egun egiten diren ekintzak errespetatuz, aukeren arabera, hauek eraikinaren goiko partera eramango genituzke.

Auzoei duten garrantzia eman nahi diegu, horretarako herrian dugun autobusaren ordutegia handituko dugu, udal-zerbitzuak deszentralizatuko ditugu eta auzo bakoitzeko zinegotzi bat izendatuko dugu, auzotarrok udal-erreferentzia bat eduki dezaten.

Gazteak emantzipatzeko, udaletxean emantzipazio bulegoa irekiko dugu, eta urtero udal-aurrekontuen partida bat gordeko dugu udal-etxebizitza berriak eskuratzeko eta hauek alokairu sozialera bideratzeko.

Azpimarratu nahi dugu gaur egungo gobernuak HIRUKAri kendu zion diru laguntza berriz ematera konprometitzen garela, euskararen aldeko politikak behar ditugu eta hau bide horretan pauso garrantzitsu bat dela uste dugu.

Hauek dira ditugun proposamen garrantzitsu batzuk, baina askoz gehiago ditugu eta Erandioztar guztion esku ditugu gure sare sozialetan eta zuzenean guregana gerturatuz.

Zeintzuk dira zuen ustez Erandiok dituen arazo nagusiak?

Asko dira, guztiak aipatzea luzeegia izango litzateke, larrienetako batzuk aipatuko ditut:

Alde batetik HAPOaren falta eta honek ahalbidetu duen gaur egungo udal-gobernuaren politika urbanistikoa. Gure herrian enpresa pribatu batek hondamendi bat sortzen duen bakoitzean Udalaren erantzuna ez da enpresa honi erantzukizunak eskatzea, baizik eta gure herriak behar ez dituen etxeak eraikitzea enpresa hauek sorrarazi dituzten kalteak herritar guztion artean ordain dezagun; horren adibide garbiak Tartangan eraiki nahi dituzten etxeetan eta CAESAren itxierari aurre egiteko aurkeztu duten proiektuak dira. Gure herriaren etorkizuna sektore inmobiliarioak erabakitzen du eta ez erandioztarrok.

Beste arazo larri bat kontaminazioa da, historikoki gure herrian arazo hau izan dugu eta beti izan dira herritarrak honen aurrean altxatu direnak. Gaur egun, zoritxarrez arazo honekin jarraitzen dugu, hor ditugu Befesa, Asua ibaia eta abar luze bat. Gaur egun ere, arazo honi herritarrek aurre egiten ari diote, kriston mobilizazio eta lanarekin. Oso larria iruditzen zaigu gai honekin gaur egungo alkateak hartutako jarrera, arazo hau guztiz gutxietsiz.

Egoera ekonomikoak ere asko larritzen gaitu, langabezi tasa altua daukagu %12,1 eta bataz beste errenta oso baxua da gure herrian.

Beste arazo larrien artean aparkalekua edo zaintzen garrantzia daude, horiek aurreko galderan aipatu ditudanez ez naiz errepikatuko.

Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?

Hauei aurre egiteko, alde batetik behingoz inoiz eduki ez dugun, eta 40 urte alderdi berberaren gobernuan egonda, HAPOa definitzea izango litzateke. Modu parte-hartzailean, horrela Erandioztarren artean gure herriaren etorkizuna definitzeko eta benetan ditugun beharrei erantzuna emateko. Plan hau aurrera eramateak Erandioztarren beharrak kokatuko lituzke erdi gunean, etxebizitza, espazio berde edo garraioen arloan, horregatik plan hau martxan jartzera konprometitzen gara.

Kontaminazioaren alorrean, alde batetik gai honetan dabiltzanen herri mugimenduekin udalaren erlazioan sakondu behar dugu, borroka asko daramatzate haien sorbaldetan eta udal-politikak haien esperientziaz busti behar dira eta gero erakunde guztiei arazo honetan murgiltzea exijituko diegu, herri mailatik ez ditugu eskumen asko, baina Eusko Jaurlaritzatik gauza asko egin daitezke eta guk haiei haien papera betetzea exijituko diegu.

Egoera ekonomikoari aurre egiteko, baditugu ekonomia suspertzeko hainbat neurri, adibidez herriko komertzioan kontsumitzeko bonoen laguntza handitzea, horrela herriko bezeroak eta merkatariak lagunduz eta dirua gure herrian geratzen dela bermatuz, bide honetatik jarraituz ez dugu baimenduko gure herrian gune komertzial handi gehiago irekitzea. Beste neurri garrantzitsu bat, Playabarri delako eremuan, egin behar dugun HAPOan horretarako lurzorua gordez, gune industrial moderno bat sortzea izango litzateke, bertara enpresa berriak erakartzeko eta horrela lanpostuak sortuz eta herriko ekonomia suspertuz.

Etxebizitza publikoen parkea handitzera goaz baita ere eta hauek alokairu sozialean ateratzera, honek pertsonen egoera ekonomikoan dakarren laguntzarekin. Egoera ekonomikoari aurre egiteko hartuko dugun, beste neurri bat, gainera lehena, udal-politikarien, alkatearena barne, soldatak eta dietak jeistea izango da. Gure herriak bizi duen egoera ekonomikoarekin ez da zilegi gure alkateak hilean 5.000 euro inguru irabaztea. Partida guzti hau gutxienez %20an jaistera konprometitzen gara, diru hori benetan behar denerako erabiltzeko.

Beste alderdiekin itunak sinatzeko prest zaudete?

Gu hauteskundeak irabaztera goaz, baina noski jendeak bozkatzen duenaren arabera besteekin hitz egitea tokatuko zaigu. Argi dugu guztiekin hitz egiteko prest gaudela eta baita akordioetara heltzeko prest, baina argi dugu akordioak lehen planteatu ditugun norabidean joan behar direla, guk ez ditugu gure aulkiak negoziatuko beste batzuek azken zortzi urte hauetan egin duten bezala, gu neurri zehatzen inguruan hitz egiteko prest gaude.

Erandioztarren beharrak jarri behar ditugu erdigunean eta hori gertatzeko eta gure herriaren norabidea ezkerra aldatzeko gu indartsu egon behar gara eta egongo gara, norabide aldaketa hori emateko berme bakarra garelako. Beraz esandakoa proiektuen inguruan eta ez bakoitzaren aulkien inguruan hitz egin nahi duten guztiekin hitz egiteko prest gaude.

Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?

Niri baino EH Bilduri bozka ematera animatzen dut jendea, hau talde kontu bat delako eta gure ibilbidea hor dagoelako. Garrantzitsuak garen instituzio guztietan egiten ditugun politikek ni baino hobeto hitz egiten dute, beti jende langile eta xumearen aldeko politikak egiten ditugulako, beste gauzen artean gu ere langileak eta xumeak garelako. Gu indar politiko zintzoa gara, egiten duguna esaten dugu eta esaten duguna egiten dugu, ez dugu ustelkeria kasu bat bera ere ez eta gure ibilbide politikoa amaitzean gure betiko lanpostuetara itzultzen gara. Azken garaian jendea politikarekin nazkatuta dagoela esaten da, baina ni ez nago horrekin ados, jendea politika egiteko modu batekin nazkatuta dago, horregatik politika beste modu batean egin daitekeelako, jendearen arazoak erdi gunean jarriz, eskatzen dut bozka Eh BIldurentzat. Gure herrian politika beste modu batean egiteko berme bakarra garelako, gure herriak merezi duen norabiean jarriko duen indar bakarra garelako, igandean bozkatu Eh Bildu!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun