Hasiera batean, hainbat herritar batu dira Bilboko Kontseilu Sozialistaren Etxebizitza Sindikatuak eta Uribe Kostako GKSk deitutako elkarretaratzera. Beraien helburua zen erandioztar baten kaleratzea geldiaraztea eta CaixaBank banketxearen jokabidea salatzea. Hala ere, Ertzaintzako agenteek indarrez atera dituzte etxegabetzea saihesteko saiakera egiten ari ziren hainbat herritar, eta, azkenean, etxea hustea lortu dute.
Deialdia egin duten erakundeek salatu dutenez, kaleratutako pertsona horrek bost urte zeramatzan gaur gaurkoz CaixaBank bankuarena den etxe horretan bizitzen, eta, orain arte etxegabetzea atzeratzea lortu badu ere, gaurko epailaren behin betiko agindua zegoen kaleratzea gauzatzeko. Gaineratu dutenez, pertsona horri "instituzioen aldetik aukera bat eskaini bazioten ere gaur egun ukatu egin diote eta hautabide hori ez dago mahai gainean. Gainera, mehatxu telefonikoak jasan dituela ere salatu du".
Era berean, protesta egiten ari zirela, polizia inguruko etxebizitzetan ere sartu da, eta, gerora jakin denez, beste bi etxegabetze gauzatu dituzte goizean zehar.
"Kaleratze asko dira guztiz ikusezin bihurtuta daudenak, agindurik gabe gauzatzen direnak, besteak beste, mehatxu bidez eta jendeak bere etxea beldurragatik uzten duelako epaileak tartean sartu gabe", adierazi du Nahia Santander Etxebizitza Sindikatuko kideak. Adierazi duenez, protestak eragin dituen kaleratzearen blokeko etxebizitza gehienak CaixaBank bankuarenak dira: "Kasu hau bereziki krudela da, jakinda atzean dagoena CaixaBank dela, momentu honetan bera baita espainiar Estatuko etxebizitza-jaberik handiena; datuen arabera 25.000 etxe ditu alokairuan bakarrik". Gaineratu duenez, kaleratzea atzeratzeko negoziatzen egon dira, baina ez diete inolako alternatibarik eman, "nahiago izan dute pertsona hau kale gorrian utzi".
Santanderrek gaineratu duenez, "gure ustez salagarria da askotan esaten denean legeak jabetza pribatu babesten duela, baina jabeek mila bide dituzte maizterraren aurka joateko, bide zibila bide penala... Aldiz, guk zaurgarritasun protokola bakarrik dugu, askotan ez dutena kontutan hartzen. Epeei dagokionez ere etxegabeek hilabete bat daukate helegiteak jartzeko, eta guk aldiz bost egun besterik ez ditugu".
Altzagan hainbat herritar batu dira gaur egin behar zuten etxegabetzea geldiarazteko#Erandio
— Hiruka (@HirukaEus) May 25, 2023
https://t.co/6eDiaIkOr1 pic.twitter.com/1SGRO4JpJl