Hauteskunde Batzordeak seigarren zinegotzia eman dio EH Bilduri Erandion

Ander 2023ko eka. 5a, 09:06

Maiatzaren 28an egin zituzten udal- eta foru-hauteskundeak.

Maiatzaren 28ko udal-hauteskundeen ostean, Erandioko EH Bildu eta PSE-EE alderdien artean zinegotzi bat erabakitzeke geratzen zen oraindik. Hasiera batean, alderdi biek bost zinegotzi lortu bazituzten ere, azkenean, behin betiko zenbaketaren ostean, Hauteskunde Batzordeak koalizioari eman dio seigarren zinegotzia. Sozialistek erabakia inpugnatuko dutela iragarri dute.

Boto gutxi batzuengatik hartutako erabaki horregaz, Erandioko Udalbatza horrela geratuko da: EAJ zortzi zinegotzi, EH Bildu sei, PSE-EE lau, Elkarrekin Podemos bi eta PP bat. Horrenbestez, Koalizio abertzaleak sorpasoa lortu du eta bigarren indarra izango da Erandion. 

Imanol Eguskiza EH Bilduren alkategaiak azaldu duenez, bere alderdiak 2.630 boto lortu zituen, eta, hasiera batean, seigarren eserlekua eskuratzeko boto bakar batera geratu omen zen. Koalizio soberanistaren izenean sartuko den seigarren zinegotzia Maialen Gallo izango da, 29 urteko eskola publikoko irakaslea.

Aitzitik, Aitana Lopez zinegotzi sozialistak, orain arte, Berdintasun zinegotzigoa izan duenak, ezin izango du kargua berritu. Erandioko PSE-EE alderdiak iragarri du erabakia inpugnatuko duela, azaldu dutenez, Erandioko mahaietako batean sozialistentzat 19 boto gutxiago azaltzen baitira, "zigilatutako boto-zenbaketaren aktan baino". Hori dela eta, alderdiak boto-zenbaketaren akta aurkeztu dio Hauteskunde Batzordeari, eta errekurritu egingo du "hautesleek aukeratu zutenaren egia materiala errespeta dadin eta bosgarren zinegotzia behin betiko esleitu dakigun".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun