"Erandioztarren euskara" liburuak

Naia Eguskiza eta Iñaki Gaminde: "Mundu-ikuskera ezberdinek euskara oso aberatsa sortu due Erandion"

Ander Zarraga 2023ko eka. 16a, 08:00
Naia Eguskiza EHUko irakaslea eta Iñaki Gaminde irakasle ohia.

Eguskizak eta Gamindek Erandioko euskarak dituen berezitasunak ikertu eta batzeko lana egin dute, beraiek diotenez, herriko hizkuntzarekiko harrotasun hori berpizteko nonbait.

Iñaki Gaminde unibertsitateko irakasle ohiak 1981ean hasi zituen Euskal Herriko hainbat eskualdetako berbak, esamoldeak eta gramatika biltzeko beharrak. Egindako lanen artean azkenetarikoa da, Naia Eguskiza bere ikasle izandakoagaz egin duena. Elkarregaz Erandioko berbak eta gramatika bildu dituzte. Lan horren emaitza liburu bitan batu dute: Erandioztarren euskara I Hiztegia eta II Gramatika. Batetik, berbak lau gaitan banatzen dituen "lexikoide" bat egin dute, Gaminderen hitzetan, "formatu horretan pentsetan izendu errezau irakur litekeela", eta, bestetik, soinuakaz eta morfologiagaz lotutako Erandioko hainbat formak batu dituzte.

Erandioko euskara oso aberatsa dela azpimarratu du Gamindek, "herriak izaera mistoa izan dabelako: fabrikak eta baserriak alkarren ondoan zeuden. Horregatik, hemen garatu den mundu-ikuskerak, bizimoduak, hizkuntzari asko eragin deutso". Era berean, Eguskizak nabarmendu du inguruko berbakeran "badinot" edo "inor" bezalako berbetan "n" hori bereziki markatzen dela.

Sakoilu, ube, gareztiko, ilen, firu edo paraje bezalako Erandioko berbak batu dituzte ikerketan. Hitz guztiak jaso dituen liburua eta gramatika liburua Erandioko Udalaren Euskara Zerbitzuko webgunean aurkitu daitezke.

Ikerketa egiteko 1912-1970 urteen bitartean jaiotako 46 pertsona ingururen ekarpenak jaso dituzte. Informanteak deritzoten horiek euskara familiatik jaso izan dutelako aukeratu dituzte. Besteak beste, 1912an jaio zen Dionisia Aresti eta baita bere alaba ere elkarrizketatu zuela gogoratu du Gamindek. "Lanok egiteko, informanteak sailkatzen doguz erabilera linguistikoen arabera, metodo matematikoen bidez. Guk metodo kuantitatiboak erabiltzen doguz", azaldu du irakasle ohiak prozesua azaltzeko.

Tamalez, ikerketarako ez dituzte gura beste informante aurkitu: "Guk lagunen bitartez kontaktatu dogu beraiekaz, badakigu egon badaudela, baina baserri asko desagertu diranez eta jendea orain pisuetan eta bizi danez, ez doguz asko aurkitu, gehienak Arriaga auzotik gorakoak izan dire".

Liburuak ikusgai eta eskuragarri daude Erandioko Udaleko Euskara Zerbitzuko webguneko esteka honetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun