Astrabuduko San Lorentzo jaiak

Astrabuduko jai-batzordea: "Jaien antolaketa ez da magia, herrigintza da!"

Ander Zarraga 2023ko abu. 8a, 09:00

Beste urte batez, Ulpiano astoa izango da Astrabuduko jaiak animatzeaz arduratuko den pertsonaia.

Abuztuaren 9tik 13ra bitartean ospatuko dituzte Astrabuduko San Lorentzo jaiak. Egun horietan, Uribe Kostako astorik famatuena kalera bueltatuko da jaiak alaitzera, beste behin.

Aurten, jaiak antolatzeko ardura hartu duen jai-batzordeko taldea orain arte egon den gazteetarikoena da. Hala ere, erreleboa hartu duten gazteek deitoratu dutenez, jendea falta izan zaie guztira heltzeko, baina, euren ustez, hain auzokide gazteak horretan egotea "positiboa da", auzoarekiko konpromisoa dutela adierazten duelako.

Pandemiak etenaldi bat suposatu zuen jai-batzorde askorentzako. Nola eragin zizuen bi urtez geldi egoteak?

Egia esan nahiko geldialdi gogorra izan zen gurea. Pandemia hasi baino bi hilabete lehenago gure jai-batzordean inflexio puntu bat egon zen; izan ere, kide askok utzi egin behar izan zuten eta horren ondorioz bat-bateko belaunaldi aldaketa eman behar izan zen. Aldaketa hori positibotzat jotzen dugun arren, aitortzen dugu gogorra ere izan dela, azken finean, jai-batzordean egiten dugun lana izeberg moduko bat da: bakarrik % 20 edo gutxiago da ikusten dena.

Horren ondorioz, aurreko urtean, lanari ekin genionean, nahiko galduta sentitu ginen; eskerrak taldekide ohiak eta jai-batzordeko beteranoak beti laguntzeko prest izan ditugula!

"Inoiz egon den jai-batzorderik gazteenetakoa gara, hori oso positiboa da, gazteok gure auzoarekin dugun konpromisoa erakusten duelako"

Zeintzuk izan dira jaiak antolatzeko orduan izan ohi dituzuen zailtasun nagusiak?

Normalean, jendearen falta sumatzen dugu. Lehen aipatu bezala, jaiak antolatzea programazioa egitea baino askoz lan gehiago eskatzen dute eta, askotan, jende falta sumatzen dugu bileretan. Egia da inoiz egon den jai-batzorderik gazteenetakoa garela, hori oso positiboa da, gazteok gure auzoarekin dugun konpromisoa erakusten duelako, baina gutako batzuk kanpoan ikasi eta bizi gara, beraz, dena kudeatzeko orduan oso gutxi gara lokalean. Bestalde, askotan, gazte izate hutsagatik ez gaituzte serio hartzen eta, ondorioz, dena kudeatzeko orduan lan bikoitza daukagu: alde batetik, errespetua irabaztea, eta, bestetik, kudeaketa lan bera egitea. Horrez gain, lehenengo jaiak antolatu eta gero, egia da hori asko aldatu zela, baina ingurukoek gu "infantilizatzeko" joera handia hartu zuten.

Zerk bereizten ditu Astrabuduko jaiak beste festetatik?

Auzolana. Oso polita da kuadrillek kalean sortzen duten giroa, eta, modu prekarioenean aurrera egiten duten jaiak izanda ere, beti dago jendea laguntzeko prest. Anekdota bezala, gogoan daukagu aurreko urteko ginkanako proba bat egin eta gero jai-batzordeko hiru kide geundela bost mahai mugitzen eta kuadrilla bateko bost parte-hartzaile gerturatu zitzaizkigula eta mahaiak hartu zituztela. Guk lasai egoteko esan genien, baina erantzun ziguten haientzat ahalegintxo bat zena guretzat beste lan-erantsi bat zela, eta mahai guztiak jaso zituzten. Hau ez da magia, herrigintza da!

Nolako harrera izaten dute Astrabuduko jaiek auzoan?

Harrera oso ona izaten dute urtero. Astrabuduan bizi garenok, orokorrean, oso juergazaleak garela esan daiteke, eta ondorioz, jaiak beti dira ongietorriak. Egia da azken urteotan kuadrillen olinpiadetan parte-hartzearen beherakada handia egon dela; hala ere, beherakada hori dela eta, ohiko parte hartzaileak ez ziren lagunarte asko batu dira olinpiadetara, eta hori ere eskertzekoa da beti.

Nolakoak izango dira aurtengo jaiak?

Klasikoetan oinarrituta, jaiak berriztuko ditugu. Aurreko urteetako akatsak kontutan hartuta, horiek ekiditeko estrategiak garatu eta programazioan moldaketak egingo ditugu.

Sorpresaren bat prestatu duzue?

Ah! Sorpresak sorpresak dira. Aurreratu dezakeguna da aurten umeentzako ekintza gehiago prestatuko ditugula.

Jaiei begira zer esango zeniekete herritarrei?

Mundu guztia ongietorria dela, eta baita hobekuntza helburutzat duten iradokizunak ere. Eskatu nahiko genieke baita errespetua, Astrabudua denona eta denontzat izaten jarrai dezan!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun