Altzagako jai-batzordea: "Jaiak elkar disfrutatzeko gunea dira"

A 2023ko abu. 22a, 09:00

Aurten ere, kuadrillei zuzenduta egongo diren hainbat proba eta jarduera antolatuko ditu jai-batzordeak.

Erandion, Altzagako jaiek itxiko dute abuztua. 24tik 28ra bitartean ospatuko dituzte Agustin Deunaren omenezko festak auzo erandioztarrean. Horiek antolatzeko beharra hartu duen jai-batzordeagaz egon da HIRUKA festen antolaketa-lanen inguruan galdetzeko.

Aurten jaiek Bilboko Aste Nagusiagaz kointzidituko dute. Horrek zailtasun asko eragin dizkizue antolaketa lanetarako?

Betidanik, Agustin Deunaren jaiek bat egiten dute Bilboko Aste Nagusiarekin, noizbehinka urte solteak ditugu Bilborekin ez ditugunak kointziditzen. Dena den, arazoa ez da soilik daten kontu bat, teknikoa baizik. Izan ere, Bilboko jaiak ospatzeko material tekniko izugarria behar izaten dute, ondorioz, enpresa gutxi daude data horietan guri zerbitzu-teknikoa emateko, hala nola kontzertuetako sonorizazioa eta argiztapena eskaini diezaguketenak. 30 enpresari galdetu diegu eta guztiek datak beteta dituztela esan digute.

Bestelako arazorik izan duzue jaiak antolatzeko orduan?

Bai, urtero-urtero arazoak izaten ditugu; nahiko ohikoa izaten da. Baina gure erronka da arazo horiek kudeatzea eta ahal den neurrian gure auzokideek jaiez gozarazten jarraitzeko aukera izatea.

Horrez gain, COVID-19aren pandemiak ere etenaldia suposatu zuen jai-batzorde askorentzako. Zuei ere asko eragin zizuen?

Bai, jai-batzorde askorentzat bezala, guretzat ere pandemiak etenaldi gogorra suposatu zuen. Lan-taldea mantentzea lortu genuen, baina kideen motibazioa galdu egin zen eta gutxi batzuk bakarrik mantendu gara honetan.

Nola eragin zizuen bi urtez geldi egoteak?

Ez ziren bi urte soilik izan. Pandemia heldu zenerako 2020ko jaiak erdi antolatuta geneuzkan, baina, bertan behera utzi behar izan genituen. 2021ean, ekintza txiki batzuk antolatzeko aukera izan genuen, baina urte horretan gure erronka pandemiarekiko neurriak betearaztea izan zen.

Nolakoa izan da hortik atera den jai-batzordea?

Orduan jai-batzordean zeuden kideetako askok batzordea utzia zuten, hala ere, ordutik kide berriak gehitzen joan dira.

"Jai-batzorde askorentzat bezala, guretzat ere pandemiak etenaldi gogorra suposatu zuen. Lan-taldea mantentzea lortu genuen, baina kideen motibazioa galdu egin zen"

Zelan definituko zenituzkete Altzagako jaiak?

Jai herrikoiak dira. Gure helburua erandioztar guztiek jaietan ondo pasatzea da. Horretarako, adin guztietarako ekitaldiak bilatzen saiatzen gara.

Nolako harrera izaten dute jaiek auzoan?

Altzagako jaiak oso herrikoiak direnez, herritarrengan pentsatuta diseinatuta daude eta guztiok elkar disfrutatzeko gunea dira. Argi daukagu ez dugula Bilbo, Leioa, Santurtzi, Barakaldo edo Plentzia bezalako udalerriek duten aurrekontua, gurea askoz murritzagoa baita, baina horrexegatik zerbait alternatiboago eskaintzen saiatzen gara.

Ohi bezala, kuadrillak izango dira jaietako bihotza eta arima. Zenbatek parte hartuko dute aurtengo probetan?

Aurten kuadrillen kopurua mantendu egingo da: bederatzi kuadrillek hartuko dute parte. Ea kuadrilla berriak animatzen diren eta kopuru hori handitzea lortzen dugun hurrengo urteetako jaietan.

Sorpresaren bat prestatu duzue?

Aurten familia-lehiaketak antolatuko ditugu lehenengo aldiz. Kuadrillen arteko lehiaketaren antzeko frogak egingo dituzte, baina parte-hartzaileen adinera egokituta. Gainera, frogak parte-hartzaileek pentsatu eta antolatuko dituzte, beraien taldekideek duten adina kontutan hartuta eta horretara egokituz.

Jaiei begira, zer esango zeniekete erandioztarrei?

Bueltan ditugula jaien ohiko datak: abuztuak 24-28, eta, beraz, ez dela horietarako ezer geratzen. Pilak kargatuta ekarri eta etor zaitezte primeran pasatzeko asmoz. Hori bai, topera gozatu, baina errespetuz eta gune aske eta seguru bat lortuz.

Zerbait gehiago aipatu nahiko zenukete?

Gora San Agustin, gora Txupin eta gora Erandio!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun