Jendea Internet bidez erostera eta dena etxean jasotzera ohitu dela deitoratu du Diego Etxebarria Erandioko Merkatari Elkartuak elkarteko ordezkariak. "Auzoko negozioak desagertzen ari dira eta lotsa ematen du herria aste-akabuetan zein hutsik geratzen ari den ikusteak", dio tamalez.
Horri buelta emateko, elkarteko zuzendaritza berritu dutela kontatu eta hainbat aldaketa eta ekintza egiteko asmoa dutela iragarri du. Hasteko, sare sozialetan elkartearen presentzia areagotzeko Altzagako merkatariak elkarrizketatzen hasi dira: "Beraiek aurkezteko elkarrizketak sare sozialen bitartez partekatzen ari gara. Gure helburua da jende gaztearengana heltzea, horregatik TikToken edo Instagramen partekatzen ditugu". Etxebarriaren ustez, gazteak dira auzoko negozioetatik urrunen daudenak, "horregatik, beraiek erakartzeko ahalegina egin behar dugu".
Zentzu horretan, hainbat ekimen antolatzeko asmoa dute: Arimen Gaua ospatuko dute; azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, kanpaina bat egingo dute; aurreko urteko Gabonetan Abendu Egutegi bat egin zuten eta 24 egunez ekintzak antolatu zituzten, eta aurten ere errepikatzeko asmoa dute; gainera, elkartearen logotipoa berritzeko lehiaketa ere hasi dute. Halaber, urtean 4.000 euro baino gehiago banatzen dituzte sarietan Caja Rural banketxeagaz duten hitzarmen bati esker, eta 100 euroko balioa duten opari-txartelak ere zozkatzen dituzte urtean zehar.
Gaur egun, 74 kide dira, baina beraien helburua 80 merkatarira heltzea dela azpimarratu du Etxebarriak: "Elkartean sartuta ez dauden auzoko merkatariak ekintza horiek guztiak ikustean beraiek ere bertan sartzera animatu gura ditugu, elkarregaz herria dinamizatzea lortzeko".