Epaitegietatik euskararen normalizazio-prozesuari traba egiten dioten sententziak "olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa" direla salatu du Erandioko Berbost euskaltzaleen elkarteak. Horretarako zabaldu duten idatzian deitoratu dute azken bi urteotan euskara biziberritzea helburu duten neurrien aurkako sententziak ugaritu egin direla EAEn eta Nafarroan. Gaineratu dutenez, "epaileak hizkuntza-politika egiten ari dira, kontsentsu zabalean oinarritutako neurrien eta horretarako eskumena duen botere legegilearen gainetik".
Era berean, gogoratu dute Espainiako Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi zuela Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikulua, EAEko udalei erakunde barruko idatzizko dokumentuak erabat euskaraz egitea ahalbidetzen zien araua, hain zuzen. "Eusko Legebiltzarrak 2016an onartu zuen legea, gehiengo zabalarekin, eta, zazpi urteren ondoren, Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi du euskararen erabilerarekin lotutako atal nagusietako bat", adierazi dute, eta deitoratu dute hori "kolpe handia izan dela euskararen normalizazioarentzat.
Berbotsekoek azpimarratu dute epai horiek larriak izateaz gain, ez direla isolatuak, "botere judizialetik hizkuntza politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko erabakiaren eta oldarraldiaren erakusle baizik". Azaldu dutenez, epai guztiek gazteleraren nagusitasuna ezartzen dute, legeak aitortzen duen euskararen ofizialtasuna kolokan jarriz.
Hori guztia kontuan hartuta, mobilizazio soziala "ezinbestekoa" dela nabarmendu dute eta "atzerapauso" horien aurrean, euskararen gaia erdigunean jartzeko hots egin diete herritarrei. Horregatik, azaroaren 4an, 17:00etan, Bilboko Euskaldunatik egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte euskararen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile eta norbanakoei. "Euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza", azpimarratu dute bukatzeko.