Getxoko Udalbatzak euskararen kontrako "oldarraldi judiziala" salatu du

Iker Rincon Moreno 2023ko urr. 27a, 12:29

Uribe Kostako alkateak eta udal-ordezkariak egon ziren euskararen alde Euskalgintzaren Kontseiluak egindako prentsaurrekoan. © EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA

Tokiko EH Bilduk proposatuta, euskarak pairatzen ari duen "oldarraldi judiziala" eta azaroaren 4rako Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu duen manifestazioagaz bat egiteko mozioa onartu zuen atzo, eguenean, Getxoko Udalbatzak osoko bilkuran. Mozioak EAJren emendakin transakzionala egin zion proposamenari, Eudelen adierazpenakaz bat eginez, eta koalizio abertzaleak ekarpenak onartzea erabaki zuen. Hala, mozioa gehiengo absolutuaz onartu zuten, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoakaz; PP eta PSE-EE taldeek kontra egin zuten, eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin zen.

EH Bilduk eta EAJk bat egin dute Eudelek EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 435/2023 epaia dela-eta egindako adierazpenagaz, eta ETELen –Euskadiko Toki Erakundeen Legea– defentsa berretsi dute, udalen autonomiaren eta toki-erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen barruan.

Alderdi biek uste dute, besteak beste, “epai berri hori tokiko autonomiaren aurkakoa dela, eta hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen duela”, eta “bereziki larritzat” jotzen dute “euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu- eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea”.

Manifestaziora joateko eta protestarako deialdiak

Era berean Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako Bilbon deitutako manifestaziorako deia egitea onartu zuten atzoko osoko bilkuran. Protesta hori 17:00etan abiatuko da Euskalduna jauregitik, Bilbon. Ildo horretan, Algortan, tokiko euskara-elkarteek manifestazioarekiko atxikimendua adierazteko argazkia egingo dute azaroaren 1ean, Portu Zaharrean, 13:00etan. Azaroaren 4an, berriz, 16:00etan jarri dute hitzordua manifestaziora joateko. Ondoren, azaroaren 8an, Azebarri kulturgunean afera honen inguruko berbaldia egingo dute, 19:00etan. Horretarako, Iñigo Urrutiak eta Paul Bilbaok parte hartuko dute.

Euskalgintzaren Kontseiluaren adierazpena, osorik

Hemen batu garen norbanako eta eragileok kezkaz bizi dugu behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gainera, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa. Oldarraldi honen agerpen mediatikoak eta politikoak aspalditik ezagunak bazaizkigu ere, azken boladan gordintzen joan dira, bereziki, alor judizialean.

Azken bi urteetan, auzitegietatik euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontrako sententziak ugaritzen ari dira EAEn: Irun, Laudio, Barakaldo, UIiazpi, Erandio, Bizkaiko eskola garraioa eta abar. Baita Nafarroako hainbat udaletan ere: Orkoien, Berriozar, Zizur Nagusia, Atarrabia, Lizarra, Uharte, Antsoain, Berriobeiti... Epai guztiek jomugan izan dituzte herritarron hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak, gizartean adostasun zabala dutenak. Hots, epaileak hizkuntza-politika egiten ari dira, kontsentsu zabalean oinarritutako neurrien eta horretarako eskumena duen botere legegilearen gainetik.

Ildo beretik etorri zen EAEko Udal Legea aurkako epaia. Uztailean, Espainiako Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi zuen Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikulua. Arau horrek aukera ematen die Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei erakunde barruko idatzizko dokumentuak erabat euskaraz egiteko, betiere hizkuntza-eskubideak urratu gabe. Eusko Legebiltzarrak 2016an onartu zuen legea, gehiengo zabalarekin, eta, zazpi urteren ondoren, Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi du euskararen erabilerarekin lotutako atal nagusietako bat. Kolpe handia da euskararen normalizazioarentzat, atzera egitera behartzen gaituztelako: bigarren mailako herritarrak izatera. Nafarroako udalerri euskaldunek, berriz, zailtasun handiak dituzte legeak eremu euskaldunetarako onartutako hainbat kontu eskubide osoz bideratzeko.

Epaiaren beraren larritasunaz harago, testuingurua ere esanguratsua da. Izan ere, argi dago azken hilabeteotakoak ez direla sententzia isolatuak, botere judizialetik hizkuntza-politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko erabakiaren eta oldarraldiaren erakusle baizik. Ez da kasualitatea epai guztien oinarria zein den: gazteleraren nagusitasuna ezartzen dute eta, beraz, legeak aitortzen digun euskararen ofizialtasuna jartzen dute kolokan.

Larritasun honen aurrean mobilizazio soziala ezinbestekoa da. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko. Izan ere, oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan.

Honenbestez, dei egiten diegu euskararen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile eta norbanakoei azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera, 17:00etan Euskaldunatik abiatuko dena. Larria baita gertatzen ari dena: euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza.

Oldarraldiaren aurrean, guk ere euskararekin eta euskaraz bat egingo dugu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun