Azaroak 25

Merkatarien elkarteakaz batera jorratuko dute azaroaren 25eko Erandioko kanpaina

Ander Zarraga 2023ko aza. 20a, 15:50

Puntu morea negozio baten erakusleihoan. © KARKARA

Hurrengo azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, Erandioko Udalak eta Altzaga eta Astrabauduko merkatarien elkarteek kanpaina bateratua egingo dute indarkeria matxistagaz bukatzeko. Egitasmoa aurkezteagaz batera, egun horren inguruan auzoetan egingo dituzten jardueren egitaraua ere publiko egin dute.

Guztira, Altzagako 17 saltokik eta negoziok eta Astrabuduko 11k parte hartuko dute "Hemen ere zurekin" leloa izango duen indarkeria matxitagaz bukatzeko aurtengo kanpainan. Ekimen horren antolatzaileek azaldu dutenez, "dendak leku estrategikoak dira indarkeria matxistako egoerak identifikatzeko". Hori dela eta, Udalagaz batera, establezimendu horiek indarkeria pairatzen diren emakumeentzako gune seguru eta informazio-puntu bezala identifikatuko dituzte.

Zeregin horretarako, indarkeria matxista zer den azaltzen duen bideo bat zabalduko dute aldez aurretik, besteak beste, laguntza behar duen emakume batek kontuan izan beharreko telefono kontaktuak bezalako informazio baliagarriagaz. Gainera, kanpainara atxikitako saltokiek poltsa batzuk ere izango dituzte kanpainaren logotipoagaz, baliabideen gidakaz eta laguntza psikologikorako eta laguntza juridikorako zerbitzuaren telefonoak dituzten txartelakaz. Zehaztu dutenez, material biak isilpekoak eta doakoak izango dira jaso gura dituenarentzako.

Bestalde, kartel bat ere egin dute Astrabuduko merkatarien argazkiakaz eta beste bat Altzagako merkatariakaz, beraien konpromisoa ikusarazteko, eta, saltokietan ez ezik, bi auzoetako autobus geltoki nagusietan ere jarriko dute hori.

Kanpaina gaur, azaroak 20, hasiko da eta Jorge Gonzalez Berdintasun zinegotziaren hitzetan, "helburua da emakumeei laguntzeko sareak sortzea eta atxiki diren saltokiak eurentzat eskuragarri dauden udal-baliabide eta zerbitzuen berri emateko gai izatea". Gainera, Berdintasun zinegotziak berak adierazi duenez, "ekimenak oso harrera ona izan du, eta zorte handia da pertsona horien guztien konpromisoa izatea indarkeria matxistaren aurkako borrokan".

A25 egitaraua:

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun