Duela 100 milioi urte inguru, Kretazeoan, itsas-azpiko sumendi bat azaleratu zen gurean. Gaur egun, fenomeno geologiko horretako ebidentziak begi bistakoak dira hainbat gunetan, baina bereziki Astrabudua ondoan dagoen Axpuru mendian daude arrastorik ikusgarrienak.
Ainhoa Alonso EHUko Petrologia eta Geokimika irakasleak azaldu du mugimendu tektonikoen eraginez, Iberiako eta Europako plakak banatu zirenean, gurean sortu zen bulkanismoaren hondakinak direla Axpuru mendikoak. "Arrakala ez zen gurera arte heldu, baina lurrazala asko mehetu zenez, mantuaren gaineko presioa gutxitu eta mantuko arrokak urtzen hasi ziren, magma basaltikoak sortuz. Horiek dentsitate txikiagoa dutenez, gorantz joateko joera dute, eta lurrazaleko haustura eta arrakaletatik ateratzen dira, gure kasuan, itsas-hondoko bolkanismoa eraginez". Erandioko sumendian ez zen kono bereizgarririk sortu, magma itsasondoan zeuden pitzadura horietatik atera zen eta orduko azaleratzeak oraindino ikusgai daude.
Alonsok azaldu du horrelako azaleratze bolkanikoak ugariagoak direla Gipuzkoan, eta Elgoibarretik Soraluzera doana da kasu nabarmenetako bat. Bizkaian ere, Meñakotzen, Fruizen edo Enekurin azaleratze bolkanikoak dauden arren, Erandiokoa apartekoa dela nabarmendu du: "Astrabuduko azaleramendua berezia da nagusiki trakitez osatuta dagoelako. Arroka bolkaniko hauek aurkitzea ez da hain ohikoa, eta batez ere hain kolore argikoak izatea". Arre eta zuri koloreko harri bolkaniko horiek feldespato alkalinozko kristalez osatuta daude eta itxura trinkoa dute, ehundura zimurtsuakaz; hortik datorkio izena, trakis zimurtsua esan gura baitu grezieraz.
"Astrabuduko azaleramendua berezia da nagusiki trakitez osatuta dagoelako. Arroka bolkaniko horiek aurkitzea ez da hain ohikoa, eta batez ere hain kolore argikoak izatea"
Erandioko ondar bolkanikoek itsaspeko sumendi baten zantzu guztiak dituztela dio Alonsok: "Dakigu itsaspean sortutako sumendiak direla, laba-jarioek pillow-laba izeneko tutu formako egitura dutelako. Laba kraterretik ateratzen doan heinean, uragaz kontaktuan jartzen da eta berehala gogortzen da kanpotik barrualderantz, horrek tutu moduko forma hori ematen dio".
Prozesu bolkaniko hori duela 110 eta 90 milioi urte inguru gertatu zen, eta ez zen bat-bateko fenomenoa izan. "La Palmako sumendiarekin gertatzen den bezala, hemen ere momentu lasaiagoak erupzio aktiboagoekin tartekatuko ziren, eta magma pixkanaka joango zen ateratzen", zehaztu du adituak.
Gaur egun, Euskal Herria ez da eremu bolkanikoa eta, unibertsitateko irakasleak azaldu duenez, hemengo fenomenoa ez da ohikoena, "normalean, bulkanismoa plaka tektonikoen ertzetan ematen da, Ozeano Bareko Suzko Eraztunean adibidez, baina, beste batzuetan, plaken barruan ere eman daiteke". Horren adibide dira Hawaii eta Kanariar Uharteak, plaka tektoniko baten erdigunean egon arren mantuko magmaren igoerako eremuetan daudelako azaleratu baitira.
Arroka bolkanikoak. Sumendi horren arrasto ikusgarrienetakoak Astrabuduko futbol zelaiaren ondoko biribilgunean dauden borobildutako hiru harri handiak dira. Askok bonba bolkanikoak bezala izendatu dituen arren, Alonsok ezeztatu egin du hori eta arroka bolkanikoak direla dio. Erupzioak lasaiak direnean laba-koladak edo mihi horiek ateratzen dira, eta magma maldan behera erortzen da; aldiz, erupzioak leherkorragoak direnean, sumendiko leherketek magma zati txikietan jaurtitzen dute arroka piroklastiko modura. Zati horien tamainaren arabera errautsa bolkanikoak edo bonba bolkanikoak izan daitezke. "Guk hemen ditugun harritzar horiek leherketaren izaera izateaz gain, maldan behera joan direnean itsasten joan zaizkien beste arroka batzuen zatiak ere badituzte, hala nola beira bolkanikoak, basaltoak eta trakitak. Beraz, arroka bolkanikoen eta sedimentarioen arrastoak dituzte", azaldu du. Horrez gain, beren forma esferikoa azken milaka urteetan emandako fenomeno kimiko, biologiko eta meteorologikoen eraginez jasandako zatiketaren meteorizazioaren emaitza da.
Ondare geologikoa. 1990eko hamarkadan, Bizkaiko Foru Aldundiak interes geologikoko gune izendatu zuen eremua. Hala ere, ezjakintasunagatik eta bestelako arrazoiengatik, asko eraldatu ditu gizakiak Erandioko sumendiaren arrastoak. Adibidez, 2021ean, hainbat erandioztarrek salatu zuten hirigintza proiektuek aztarnak ezabatzen ari zirela.
Ondare geologikoa. "Uste dut kontzientziatu egin behar dela, biodibertistateaz hitz egiten dugu, baina geodibertsitatea eta ondare geologikoa ere badago"
Besteak beste, Astrabuduan egin zituzten babes ofizialeko etxebizitza batzuk eraikitzeko lanetan, kuaternarioko terraza batean duela milaka urte ibaiak utzitako errekarrien aztarnak hondatu zituzten. Ibaiko terraza sedimentario hori oso berezia zela dio Alonsok, "suntsitu aurretik, sedimentuak oso argi ikusten ziren, eta gure inguruan horrelako adibide oso gutxi daude". Orduan, Erandioko Auzokideok plataformako kideek salatu zuten arroka horien azaleratzea suntsitzen ari zirela, eta eskatu zuten ondare geologiko hori zaintzeko eta horren berri emateko ibilbide didaktiko bat egiteko proposamena egin zioten Udalari.
Horrez gain, XIX. mendean, sumendia harrobi bezala erabili zuten itsasadarraren kanalizazio-lanetarako, eta mendiaren eta ibaiaren artean Metalquimica lantegia ere jarri zuten, gerora, Astrabuduan kutsaduraren aurkako hainbat protesta eragingo zituen lantegia, hain zuzen.
"Nik uste dut kontzientziatu egin behar dela; biodibertistateaz hitz egiten dugu, baina geodibertsitatea eta ondare geologikoa ere badago. Egia da askotan ezjakintasun kontu bat izaten dela; hori apurtzera etorri zirenek seguruenik ez zuten jakingo hor zer zegoen, norbaitek jakinarazi beharko zien", adierazi du Alonsok. Zientzialariak erantsi du Euskal Herri guztian badaudela babestu beharreko interes geologikoko puntu batzuk, eta batzuek behar bezalako aintzatespena duten arren, beste batzuk ez daude hain ondo babestuta. "Uste dut azken urteetan Erandion lan handia egin dela bertako harri bolkanikoak ezagutarazteko, eta herritarrak ere zer dutenez kontzientziatu dira, beraz, pentsatzen dut jakitun direla hemen zer daukaten", dio ikerlariak.
Kontzientziazio horren erakusgarri dira Udalak sumendiko aztarnak ezagutarazteko antolatzen dituen bisita gidatuak eta jarri dituzten informazio-panelak.
Ibilbide geologikoa
Erandioko sumendiaren altxor geologikoa hurbiletik ezagutzeko, Erandioko Udalaren Turismo Sailak ibilbide geologiko bat dauka prestatuta. Txangoa mendiaren azpian, Axpeko harrobian dagoen aparkalekuan hasten da. Bertatik, arre kolorea duten sumendiaren haitz trakitikoak argi eta garbi ikus daitezke.
Trenbidea Altzagarako norabidean jarraituz, Hirugurutzeta mendira igotzeko bide malkartsua hasten da. Deabruaren haitzak izaneko eremutik gora, harkaitz bolkanikoen eta trakiten artean mendiaren tontorrera heldu arte.
Hirugurutzeta edo Axpuru mendiaren tontorretik itsasadarraren ikuspegi ederra dago, baina inguruari arretaz erreparatuz gero, sumendiaren kraterraren oinarria antzeman daiteke. Zehazki, bertan dauden hiru gurutzeen azpian dago krater zaharra izan zitekeena. Gainera, inguruan sumendiaren hainbat aztarna ikus daitezke: trakitak eta lapili-tobak, besteak beste. Horren berri ematen duen panel informatibo bat ere dago bertan.
Harrobi zaharraren goiko bazterretik doan bidea jarraituz, Kuaternarioko terrraza batera heltzen da bidea.
Ibilbidea Astrabuduko futbol zelaiaren ondoan bukatzen da, bertan, hiru arroka bolkaniko ikusgarrik apaintzen dute biribilgunea.
Harrobiko aparkalekura itzultzeko bidean, Atxutegi kalearen ondoko pasabidean, eskuinaldera arretaz begiratuz gero, harri trakitikoen gainean ibaiak duela milaka urte utzitako errekarrien arrastoak ere ikus daitezke.