Erandion kokatutako Gestamp Try Out (GTO) enpresak aldi baterako lan erregulazio espedientea zabaldu zuen 2021eko uztailean, ekoizpen arrazoiak argudiatuta. Erabakia ELA eta LAB sindikatuakaz adostu gabe hartu zutela azaldu dute, eta, horren eraginez, "negoziazio gogorra" eman zen horien artean.
ELAtik salatu dutenez, enpresak xantaia egin gura izan zien ordezkariei eta sindikatuei: "Barne akordio bat sinatzea proposatu zuen, aldi baterako lan erregulazio espedientea ez errekurritzeko eta trukean soldatak partzialki osatzeko".
Azpimarratu dutenez, ELAk hasieratik egin zion uko akordioa sinatzeari, enpresak planteatutako aldi baterako lan erregulazio espedientea ez zetorrelako bat errealitateagaz, eta helegiterik ez aurkezteak langileek hainbat hilabete lehenago hasitako legez kanpoko lagapenak salatzeko estrategiaren kontrakoa litzatekeelako.
Azaldu dutenez, azkenean, akordioa inork ez sinatzea lortu zuen ELAk eta aldi baterako espedientea errekurritu ahal izan zuten. Prozedura amaitu baino aste batzuk lehenago, 2022ko martxoaren erdialdean, Lan Arloko epaitegiak arrazoia eman zion sindikatuari eta aldi baterako lan erregularizazio espedientea baliogabetu zuen. Enpresak helegitea jarri zuen epaiaren aurka, eta orain Auzitegi Gorenak atzera bota du hori.
"Garaipen txiki bat da langileentzat", azpimarratu dute ELAtik, eta, orain, legez kanpoko lagapenagatik erregistratutako salaketen epaien zain daudela adierazi dute; izan ere, Erandioko enpresan dauden langileek zeregin berak egin arren, GTEkoenak baino lan-baldintza okerragoak dituzte.
Sindikatuak ohar bidez salatu duenez, "Gestamp taldearen jokabidearen adibide garbia da hori, irabaziak areagotzeko asmoagaz langileak diskriminatzen baititu. ELAk espero du aurki epaitegiek diskriminazio horrekin amaitzeko neurriak jasotzea".