Sindikatuek Murueta ontziolan hildako langilearen heriotza salatu dute

Ander Zarraga 2023ko abe. 7a, 12:20

Istripu hilgarria aurreko martitzenean gertatu zen, 14:00ak aldera. © CNT SINDIKATUA -

Aurreko martitzenean 66 urteko langile bat hil zen Erandioko Murueta ontziolan. Lantegiko beharginen artean ordezkaritza duten sindikatuek gertaera eta horren testuingurua salatu dituzte, eta, momentuz, CNTk bakarrik egin du elkarretaratzeko deialdia, hurrengo astelehenean izango da, abenduak 11, 17:00etan, Murueta ontziolaren atarian. 

Batetik, LAB sindikatuak lan-erreformen aurka egin du salatzeko "prekarietatea areagotu baino ez dutela egin", eta lan-osasuna bermatu beharko luketen instituzioek "gaiarekiko duten axolagabekeria" kritikatu du. Sindikatu abertzaleak deitoratu du 2023an Euskal Herrian lan istripuz hiltzen den 53. langilea dela. 

Azaldu dutenez, M.A.C.P. 66 urteko langile azpikontratatua soldatzen ari zela hodi handi bat gainera erori eta lekuan hil zen. "Antza, hodia eusten zuen polipastoak huts egin zeta azpian harrapatuta geratu zen", zehaztu dute.

Gertatutakoaren aurrean LAB sindikatuko ordezkariek adierazi dute azken lan-erreformek sortu dituztela istripu horren atzean dauden baldintzetako batzuk, "adina esaterako". Gaineratu dutenez, Astilleros Murueta enpresaren kasuan azpikontratazioak "langileen lan-baldintzen prekarietatea areagotzen duen elementu nagusietako bat da. "Bertara lanean doazen enpresa ezberdinetako langileen baldintzak kaskartu eta lan-osasunari dagozkion neurriak ez bermatzea ekarri du", gaineratu dute.

Horrez gain, administrazioa ere istripuaren erantzule egin dute: "LAB aspalditik salatzen ari den moduan, Osalanen funtzioa aholkularitza hutsa da, ez du enpresen jarraipenik egiten eta, are gutxiago, araudia betearazten. Bitartean, Jaurlaritzaren eskumenpean dagoen lan ikuskaritzak ez du gaitasunik ezta jarrerarik araudia bere horretan betearazteko".

Beste aldetik, CNT sindikatuak irmoki egin du zuzendaritzaren eta enpresa-batzordearen aurka eta ohartarazi du azkenaldian enpresako egoerak eta prozedurak salatzen ari zirela, langileen segurtasunerako arrisku larriak eragiten ari direlako eta azken hilabeteetan hainbat istripu eta gaixotasun eragin dituztelako. 

"Enpresako prekarietate-politikaren eta azpikontratazioaren abusuaren aurka borrokatzeaz gain, zenbait lanetan dauden segurtasunik ezeko eta arriskuko-egoeren berri eman diogu enpresari, behar bezala dokumentatuta, eta prebentzio-protokoloak eskatu ditugu hainbat arriskuren aurrean. Trukean, isiltasun eta mespretxu erabatekoa jaso dugu enpresaren aldetik", adierazi dute erakunde anarkosindikaleko kideek. 

Era berean, CNTk iragarri du langilearen heriotza gaitzesteko elkarretaratzea egingo duela astelehenean, hilak 11, 17:00etan ontziolaren atarian. 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun