Azaldu dutenez, Gizatzen enpresak San Jose egoitzaren kudeaketaren ardura hartu zuen lehen egunetik, "enpresa horrek langileekin izan duen portaera tamalgarria izan da". EH Bilduko kideek egoitza horretako langileek honako kalteak pairatzen dituztela salatu dute: debekuak, zehapenak, ordezkapenen falta, gaizki ordaindutako eta zuzendu gabeko nominak, langileekiko zorrak, lanpostu bererako hitzarmen desberdinak aplikatzea, garbiketarako materialik ez izatea, kontratazio-baldintzak sistematikoki ez betetzea, etab.
Halaber, agerian utzi gura izan dute EAJ eta PSEren Erandioko udal-gobernuak arazo horren guztiaren erantzukizuna duela: "Ez dugu ulertzen nola den posible, zerbitzuaren baldintzak behar bezala betetzen direla jakiteko, Udalak azpikontratatuta dituen enpresei fiskalizatzen eta kontrolatzen dion jarraipen esturik ez egotea".
Gauzak horrela exijitu dute "Gizatzen enpresaren kudeaketaren eguneroko kontrol zehatza egitea", errektoretza-kontseilua berehala martxan jartzea, eta "etorkizunera begira ezaugarri horiek dituen zerbitzu bat berriro ez azpikontratatzearen inguruko hausnarketa bat egiteko konpromiso publikoa hartzea". Era berean, Gizatzen enpresari langileei egin beharreko ordainketak erregularizatzeko eta kontratazio-pleguak arautzen dituzten baldintzak betetzea eskatu diote.
Azpimarratu dutenez, "egoitzak negozio-eremu erakargarria bihurtu dira multinazional handientzat eta inbertsio-funtsentzat", eta horren eraginez ematen dira horrelako egoerak. Udalek, fundazio erlijiosoek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek kudeatzen zutena, orain enpresa handiek eta funts putreen eskuetan dagoela kritikatu dute, "haien helburu bakarra espekulatzea eta onura ekonomiko garrantzitsuak lortzea da" gaineratuz.