Gure! jaialdia bigarrenez egingo dute 2024ko otsailaren 2an eta 3an

Ander Zarraga 2023ko abe. 15a, 13:04

Gure! jaialdiak iaz izandako arrakastaren ostean, bigarrenenez egingo dute aurten. © GURE JAIALDIA

Erandion, CIFP Tartanga LHIIko Ikus-entzunezkoen eta Ikuskizunen Produkzio zikloko ikasleen ekimena bigarrenez egingo dute 2024ko otsailaren hasieran. Musika, antzerkia, umeentzako jarduerak, herri kirolak, azoka eta Altzaga girotuko duten hainbat jarduera prestatuko dituzte egun horietarako.

CIFP Tartanga LHIIko ikasleek Gure! diziplina anitzeko jaialdia errepikatuko dute 2024ko otsailaren 2an eta 3an. Besten behin, Ikus-entzunezkoen eta Ikuskizunen Produkzio zikloko bigarren mailako ikasleek Erandioko Udalaren laguntza izango dute ekimena antolatzeko.  

Aurrekoan bezala, ekitaldiaren ekoizpenaz arduratuko diren Produkzio zikloko ikasleek benetako praktika batean oinarritutako prestakuntza lortzeko helburuagaz egindako jaialdia izango da, eta, horretarako, udalerriko hainbat talde soziokulturalek ere parte hartuko dute. 

Jaialdi horretan, kontzertuak, antzezlanak, erakusketa artistikoak, azoka, herri-kirolak, umeentzako jolasak eta beste hainbat jarduera egingo dituzte Altzagan. Zehazki, CIFP Tartanga LHII institutuaren ikus-entzunezko instalazioak erabiliko dituzte, baina baita Merkatu Zaharra, Anima antzerki-eskola, kaleko erakusketarako Streetgunea, txikienentzako ekitaldietarako Jolas-gunea eta itsasadarraren ondoan kokatuko duten Itsasgunea ere. Halaber, karpa bat ere jarriko dute Irailaren 23a plazan, eta bertan egingo dituzte kontzertuak, besteak beste.

Askotariko programazioa

Gaur, abenduak 15, aurkeztu dituzte jaialdian parte hartuko dute artista nagusien kartela, baina aurreratu dute jaialdiak sorpresa gehiago ekarriko dituela. Besteak beste, Gozzue, The Titanians, Les Testarudes, Akatz, Txopet, Pinpilinpussies, Moonshine Wagon eta J Martina musika-taldeak arituko direla baieztatu dute momentuz.

Ume eta helduei zuzendutako antzezlanak ere egongo direla iragarri dute: Ander Sanchezek zuzendutako Landa Bila antzerkia eta Anima Eskolak antzeztutako Los Addams. Horrez gain, Atx Teatroak antzeztutako ikuskizuna ere egongo da. Era berean aste-akabuan zehar, Boxeo Uppercuten eskutik, boxeo erakustaldia eta auto klasikoen erakusketa ere egongo dira. Horrez gain, dantza tailerrak ere egingo dituzte, Wild Dance eta Arima Urban Dance taldeen eskutik.

Kalejira ere egongo dela jakinarazi dute, Kokotean Kolpe taldea, herriko eragileek egindako buruhandi, herri-kirol eta euskal dantzez gain.

Txikienek ere euren lekua izango dute, eta bertan Antxo ta Pantxa pailazoak, makillajea, puzgarriak eta jolas eta entretenimendu ezberdinak instalatuko dituzte. Streetgunea izenekoan azoka bat ere jarriko dute herriko merkatarien produktuakaz eta chillout gune bategaz.

Metro-geltokiaren aurreko aldean, infopoint bat ere jarriko dute, hau da, informazioa eskaintzeko eta behar izanez gero, protokolo ezberdinak martxan jartzeko gunea.

Azkenik, itsasadarraren ertzean, musika giroa nagusituko da hurrengoko artisten emanaldiakaz: Burusoil Killah, Quitapenas Colectiva, Puñales, KWSK Ninja (aka Novato). HAalaber, foodtruck eta hainbat jarduera ere egingo dituzte bertan.

Antolatzaileek herritarrei dei egin diete jaialdiak irauten duen egunetan horretan parte har dezaten, bai eta beren sare sozialetan iragarriko diren hurrengo informazioei adi egon daitezen ere. Zalantzarik edo iradokizunik izanez gero, gurejaialdia@gmail.com  helbide elektronikoa jarri dute eskuragarri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun