Zikloaren bigarren mailan jaialdi handi bat antolatzea egokitu zaizue; ikasitakoa praktikan jartzeko era egokiena, ez?
NORA FLOR: Bai, gainera, hasieratik egin nahi genuena zen, ez genuen ikuskizun soil bat egin nahi, baizik eta hainbat modalitate hartzen zituzten jarduerak.
NAHIA RAMOS: Iaz desfile bat egin genuen hemen, Tartangan, baina aurten ez genuen nahi jaialdia zentroan geratzea, herrira ateratzeko zerbait egin nahi genuen. Zerbait erreala eta potentea egiteko gogoa geneukan.
Programa ikusita, zerbait handia antolatzea lortu duzuela argi dago, Askotariko eta publiko guztientzako ekintzakaz. Zer kontatu ahal duzue horri buruz?
N.R.: Musika, antzezlanak, erakusketak, DJak, azoka, herri-kirolak… Saiatu gara denetarik sartzen, publiko guztiak erakartzeko. Gure ustez oso garrantzitsua zen horrelako jaialdi bat publiko mota guztientzako izatea, eta horren arabera antolatzen saiatu gara. Gainera, guztia dohainik izango da, beraz, horrek ere jendea animatuko duela uste dugu.
N.F.: Adin guztietarako programa ere egin nahi genuen, azken finean, gure helburua zen edonor identifikatuta sentitzea programako ekintzaren batekin. Bilatu dugu jarduera batek ez izatea besteek baino garrantzi gehiago, eta jendea bakoitzaren gustuen araberako ekintzetara hurbiltzea. Horrez gain, hasieratik Erandion jaiotako zerbait izan behar zela argi genuen, horregatik, programazioko eragile eta parte-hartzaile asko bertakoak dira. Pentsatzen genuen herriarentzako ez dela bidezkoa kanpoko jendea ekartzea hemen hainbat talde edukita. Beraz, programa egiteko orduan, batez ere, bi aspektu sustatzen saiatu gara: bertakoa izatea eta berdintasun-izaera edukitzea.
Egitarauan ikusi daiteke herriko hainbat talde, erakunde eta establezimenduren laguntza izan duzuela. Baten bat azpimarratuko zenukete?
N.R.: Adibidez, kotxe-erakusketan parte hartu duen kolaboratzailea Lauburu Racing Erandioko taldea izango da, Anima Antzerki Eskolak ere parte hartuko du eta jatetxe guztiak ere herrikoak dira… Azkenean, egongo diren eragile ia guztiak erandioztarrak dira. Gainera, beraiengana jo genuenean, gauza berria izan arren, oso ondo hartu zuten ideia eta denak egon ziren parte hartzeko prest.
N.F.: Gero, egongo diren musika-taldeetako asko ere erandioztarrak direla aipatuko nuke: Mad Muasel, Amooma, Lova Lois…
Nolakoa izan da prozesua ezerezetik hastea?
N.R.: Ikasturtea hasi genuenean, irakasleak esan zigun zerbait potentea egin nahi zuela, institututik kanpo ere egingo zen zerbait. Data hori erabaki genuen, gu hurrengo hilabetean praktiketan hasiko garelako, beraz, horren aurretik egin behar genuela argi geneukan.
N.F.: Hortik abiatuta, hasi ginen ideiak bilatzen eta guztia ondo planifikatzen, gero egitasmoa Udalari aurkezteko. Euren laguntza barik ez litzateke posible horrelako zerbait egitea.
Udala bezalako eragileen laguntza ere jaso duzue finantzaziorako eta gauzak antolatzeko orduan?
N.F.: Bai, planifikazio guztia guk egin dugu, baina gero kanpoko laguntza ere jaso dugu. Hala ere, saiatu gara dugun baliabideekin ahalik eta gauzarik handiena egiten.
N.R.: Bai, gainera Tartangan ere oso material ona daukagu eta hori ere aprobetxatuko dugu. Beste zikloetako ikasleek ere parte hartuko dute prestakuntzan eta zentroko ikasle askok boluntario moduan lan egingo dute egun horietan.
Hasi zinetenean pentsatu zenuten horrelako gauza handi bat izango zela?
N.R.: Uste genuen lagunen talde bat edo bi ekarriko genituela eta kontzertu txiki batzuk izango zirela. Baina, prozesuan asko ikasi dugu, akatsak egin ditugu eta horietatik ere ikasgai asko atera ditugu.
N.F.: Hasieran, guk gure Tartangako gauzak geneuzkan buruan, iazko desfilea bezalakoak. Baina Markel Andia gure irakasleak zerbait ikusgarria egiteko konfiantza eman zigun, baina ez genuen horrelako gauza bat ateratzea espero. Hasieran, beldur apur bat genuen jendeari deitzeko eta gauzak proposatzeko orduan; batzuek ondo erantzun dute hasieratik, baina beste batzuek ez, eta hasieran eraman genituen kolpe horietatik ere asko ikasi dugu. Gainera, lehenengoa izan denez, ez dugu aurrekaririk izan, beraz, hori ere oso positiboa izan da.
Zenbat ikaslek osatzen duzue antolakuntza-taldea?
N.R.: 13 ikasle gara, eta denon artean banatu dugu lana, bakoitza gauza batez arduratzeko. Baina konturatu gara horrelako jaialdi bat aurrera eramateko lana izugarria dela, eta gauza asko daudela antolatzeko eta kontrolatzeko.
N.F.: Egia esan, zenbaki ona da; izan ere, ez gara gehiegi hainbeste gauza antolatzeko, eta ez zoratzeko kopuru ona da.
Zein aurreikuspen duzue?
N.R.: Hasieran, 1.500 pertsona inguru hurbildu zitezkeela aurreikusi genuen, baina hori hasieran izan zen; orain, ez dakigu 2.000, 300 edo 25 izango diren. Hala ere, espero dugu jendea etortzea, guztientzako moduko oso plan ona delako.
N.F.: Momentuz, asteburuan eguraldi ona egingo duela dio iragarpenak, beraz, zentzu horretan, trankil gaude, ez baita ohikoa otsailean euririk ez egitea. Uste dugu jaialdiak harrera ona izan duela, sare sozialetan-eta asko mugitu dugu eta ondo aterako dela uste dugu.
Ver esta publicación en Instagram