Erandioko hirigintza zinegotzi ohiari salaketa jarri diote bi bizilaguni eraso egiteagatik

Ander Zarraga 2024ko urt. 16a, 17:47

Egoiz Bilbao Erandioko Hirigintza zinegotzi ohia. © ALBERTO URIONA

Prebarikazioa egiteaz salatu zuten Egoitz Bilbao EAJko Hirigintza zinegotzi ohia salatu dute, ustez bi auzokideri eraso egiteagatik. Zinegotzi ohiak bi ukabilkada eman omen zizkien gizon bati eta emakume bati Erandioko ikastetxe bateko atean, aurreko urtarrilaren 5ean.

Errege bezperako gauen, urtarrilaren 5ean, jazo ziren gertakariak, zinegotzi ohiak eta beragaz hainbat liskar izan dituen erandioztar baten arteko eztabaida hasi zenean. Ertzaintzan aurkeztutako salaketaren arabera, Bilbaok Erandioko Jado ikastolako atean auzokideagaz eta haren emazteagaz topo egin zuenean gertatu zen erasoa. 

Alberto Uriona kazetariak bere blogean argitaratutakoaren arabera, Erregeen Kabalgataren ostean, alabak jasotzera zihoazela, emakumeari "zuri ere gogoa dizut" esan omen zion Bilbaok, eta, ondoren, ukabilkada bat eman zion eskuineko masailean. Senarra emakumea defendatzen saiatu zenean, beti ere salaketaren arabera, beste ukabilkada bat jaso zuen lokian. "Oso oldarkor agertu zen, eta hainbatek heldu egin behar izan zioten salatzaileari eta haren emazteari berriro ez erasotzeko", omen dio salaketa-idazkiak.

Hainbat salaketa

Urionak aipatu dutenez, zinegotzi ohiak bere auzietako bat galdu zuen kolpatutako erandioztarrari mehatxatzeagatik salaketa jarri zionean; izan ere, epaitegiak kasua artxibatu zuen, ez baitzuen inolako frogarik aurkitu. Horrez gain, Bilbaok beste bi demanda galdu ditu azken urteotan, berak bizilagunen eta ostalaritza-establezimenduen aurka aurkeztutako salaketengatik. 

Horrez gain, EAJk ez zuen Bilbao aurreko udal-hauteskundeetara aurkeztu, epaitegi batek beraren aurkako ikerketa judiziala hasi ondoren, prebarikazio-delitu bat egotzita. Ikerketak artxibatu egin ziren arren, zinegotziari azken legegintzaldiaren zituen erantzukizunak kendu zizkioten handik gutxira.

Gaur egun, Bilbaok Azpiegiturak Bizkaiko Foru Aldundiko enpresarentzat egiten du lan abokatu gisa. Hala ere, Erandioko Udaleko Hirigintza arloan ia 11 urtez (2013tik 2023ra) egindako kudeaketa polemikaz inguratuta egon dela azaldu du kazetariak. Gainera, hainbat arazo izan ditu bizilagunakaz, udal-iturriek eta herritarrek adierazi dutenez, eta batzuek salaketak ere jarri dizkiote. Besteak beste, udal-langileakaz ere arazoak izan zituen, eta 2018an idatzi bat bidali zioten orduko alkateari, non adierazten zioten lanera beldurragaz joaten zirela "zinegotziaren jarreraren beldurrez". Idatzian, alkateari eskatu zioten Bilbao geldiarazteko edo epaitegietara joko zutela. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun