Astrabuduko Auzo Elkarteak publiko egin duten dokumentu batean adierazi dutenez, "auzoaren lanean hasi gara eta sarbideen arloan hiru helburu ezarri ditugu epe labur eta ertainera"; izan ere, deitoratu dute gune horiek egoera negargarria dela eta hainbat urte daramatzatela erakundeek utzita. Gaineratu dutenez, auzokideen ekarpenetara zabalik daude, egin duten txostena osatzeko.
Aztertu dituzten auzoko sarbideak Udondoko aldapa, Las Vegas eta Eroskira paseoa eta metroko pasabidea eta Sonora diskotekaren inguruak dira. Horietako argiteria publikoa eta mantentze-egoera orokorra "eskasa" dela eta Udalak ahaztuta dituela deitoratu dute. Gune horiek dituzten arazoak konpontzeko hainbat esku-hartze ere proposatu dituzte, hala nola argiteria egokitzea eta zorua egokitzea, "ahal bada bidegorri bategaz".
Gainera, Sonora eta metro-geralekuko pasabidean kale-zurruta debekatzea eta "erabiltzaileak gogaitzen dituzten pertsona mozkorrak" aldenduko dituen segurtasuna areagotzeko ere eskatu dute, Udal-araudiak ezartzen duen bezala".