Musikaren bitartez kutsadura salatu gura dute erandioztarrek

Ander Zarraga 2024ko urt. 22a, 14:06

Hibai Deiedrak eta Andoni Vecchiok "Erandioko azken txantxangorria" abestia argitaratu dute egitasmorako.

Auzokoa Herrikoi Elkartea eta Herri Bideak Kate Barik elkarteek hainbat musik-talderengana jo dute abestien bitartez herrian pairatzen duten kutsaduraren aurka joateko. Momentuz, Memphis-Belle, Akainak eta Hibai Deiedra eta Andoni Vecchio musikarien kantuak argitaratu dituzte, azken biak egitasmorako espresuki sortutakoak; udara bitartean beste bi edo hiru abesti aurkeztuko dituzte. 

Inguruko industriaguneetatik etxeetara heltzen zaien kutsadurak kezkatuta, hainbat erandioztar kutsadura horren benetako konposaketa eta arriskuak ezagutzeko neurketak, laginketak eta azterketak ari dira egiten. Hori, 2020an hasi zen egitasmoaren alde zientifikoa da, baina arazoa gizarteratzeko eta ikusgarritasuna emateko, artea ari dira baliatzen. Ziortza Llonna Azuokoa Herrikoi Elkarteko kidea da eta azaldu duenez, "kutsaduraren gaiak hainbat aurpegi dituenez, guk arazo konplexu honi bide askotatik heldu nahi izan diogu".

Hala, Erandion bizi ziren hainbat musikarirengana jo zuten eta arazo horren inguruko abestiak egiteko eskatu egin zieten, "gu nahiko musikazaleak garelako eta musika komunikatzeko oso modu erakargarria eta zuzena delako", azaldu du Llonak. Momentuz, estilo askotako hainbat musikarien inplikazioa lortu dutela baieztatu du, eta nabarmendu du denek dutela Erandiogaz lotura, "kutsadura salatzeaz gain, herriko taldeak ere ezagutzera eman nahi genituelako". Gaineratu duenez, "Talde horietan inguruko herritako jendea ere dago, eta asko enpatizatu dute gure arazoarekin, beraien herrietan ere antzeko arazoak dituztelako, beraz, oso proiektu aberasgarria izan da". 

Argitaratu zuten lehen ekarpena Akainak punk taldearen Aire garbiak abestia izan zen. Aurreko azaroan, Astrabuduko Memphis Belle blues eta rock taldearen Ciudad de Ley abestia ere erantsi zuten zerrendara. "Abestia ez dago espresuki proiekturako eginda, baina Astrabuduko kutsaduran iradokita dagoenez, proiektuan ere sartu da", azaldu du Llonak. Hirugarren abestia aurreko astean publikatu zuten Hibai Deiedra eta Andoni Vecchioren Erandioko azken txantxangorria izan da. Abesti horretan, Deiedraren folk zeltikoa eta Vecchio erandioztar auzokidearen gaitaren doinuak bateratu dituzte.

Llonak aurreratu du oraindik beste bi edo hiru abesti dituztela argitaratzeko, "oso estilo ezberdinetakoak denak". Tartean, ideia eman zien neskak igorritako letragaz kantu bat ere egingo dutela iragarri du. Gaineratu duenez, proiektuaren emaitzagaz oso pozik daude eta hainbat ideia dituzte aurrera begira abesti horiekaz zerbait egiteko.

Erlazionatuak

Elkartasuna kutsaduragaz amaitzeko

Ander Zarraga 2021 mai 18 Erandio

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun