Aldundiak lanak hasi ditu Asuko Makroren inguruko errepidean uholdeen eragina minimizatzeko

Ander Zarraga 2024ko ots. 9a, 09:00

Makro merkataritza-guneko sarreran biribilgune bat egingo dutela ere iragarri dute. © BFA

Bizkaiko Foru Aldundiak BI-735 errepidea berrantolatzeko lanak hasi ditu Asuko Makro merkataritza-gunearen ingurunean, errepide tarte horri eragiten dioten uholdeen eragina minimizatzeko. Proiektuak 1,8 milioi euroko inbertsioa izango du eta lanek bost hilabete eta erdi iraungo dute. Denbora horretan, sestra goratuko dute 500 bat metro luzeko tarte batean.

Proiektua Erandioko Udalagaz batera adostu dute tarte horretan ematen diren uholdeen arazoari konponbide ahalik onena emateko, ibilguen ahalmen hidraulikoa handitzeko aukera baztertu ondoren, eraginkortasun gutxikoa izango zelakoan.

Aldundiko iturriek zehaztu dutenez, jarduketa-eremua bi puntu hauen artean egingo dute: Erandiogoikoko elkargunea eta ibilgailu astunak Makro merkataritza-gunera sartzeko bidearen ondoko adarrak. Hortaz, errepideagaz paraleloan doan errekastoari ez eragiteko, bidearen plataforma murriztea aurreikusi dute. Hala, Makrorako sarbide nagusiko "T" erako elkargune kanalizatuagaz lotutako erdiko erreiak kendu eta biribilgune bihurtuko dute eremu hori ere. Planteamendu horrek merkataritza-gunera sartzeko mugimendu guztiak konponduko dituela ziurtatu dute, eta ezker biraketetan egun dauden gurutzaketak saihestuko ditu.

Lanak direla-eta, tarte horretan bi noranzkoetan moztuko dute galtzada, bai egunez, bai gauez ere, datorren astelehenetik, otsailak 12, maiatzaren erdialdera arte. Enekuriko errepide zeharreko zirkulazio-desbideraketak gaitu eta seinaleztatuko dituzte ibilgailuentzat, bai eta sarbide alternatiboak Makroren bezeroentzat. Azken horiek maiatzaren erditik aurrera erabili ahal izango dute egungo sarbidea, bi noranzkoetatik, behin lanen aurrerabideak ahalbidetzen duenean obren eraginpeko tartea trafikora partzialki berrirekitzea.

Ordutik aurrera, eta uztailean lanak guztiz amaitu arte, azken aglomeratze-lanek eta akaberek unean-unean eragingo diote tarteari, eta pasabide alternatiboa beharko da puntualki. Era berean, ibilbide alternatibo bat ezarri da Bizkaibusen A2314 linearako, zeina EHUrako norabidean BI-737 errepidetik zirkulatzen baitu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun