Nekazarien aldarrikapenak entzunarazi guran, baserritar ugari batu dira Asuan

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2024ko ots. 9a, 13:51

EHNE eta ENBA sindikatuek deituta –ELAk eta LABek ere bat egin dute deialdiagaz–, dozenaka traktore batu dira gaur goizeko lehen orduan Erandioko Asua auzoan Bilbora martxa egiteko. "Eutsi baserriari" lelopean, hiru aldarrikapen nagusi helarazi gura izan dute: Europar Batasuneko merkatu librea bertan behera uztea, kostuak betetzeko moduko prezio duinak eta burokrazia arintzea. Erandion, Mungialdea eta Txorierri eskualdeetako nekazariak batu dira, eta San Inaziotik sartu dira Bilbora.

"Hemendik ez dago bizimodua zelan atara. Hori ez da zuzena, gaur egun bizimodua ezin da atara lurretik, ez ganaduez ez fruituez. Horregatik gaude gaur hemen", esan du Erandioko nekazari batek Asuan, bertatik Bilbora joateko zutabea hastear zegoela. Bertan batu dira 30 bat traktore, eta Bizkaiko hiriburura sartu dira, karabanan, haien aldarrikapenak ozen entzunaraztera.

Alberto Llona EHNE sindikatuko teknikariak azaldu duenez, San Mamesen batu dira herrialdeko eskualde ezberdinetatik abiatutako hiru zutabeak, 10:30ak aldera, eta handik traktore guztiak Areatzara eraman dituzte. Bertan, "merkatu garden" bat egin dute, eta hutsean ontziratutako bildots laurdenak eskaini dituzte, "prezio justu batean", kanpotik ekarritako arkumea sartzeak dakarren mehatxua salatzeko, "eta gure elikaduraren tokiko ekoizpena balioan ezartzeko".

Azken asteetan, nekazaritzako protestak ugaritu egin dira Europar Batasuneko (EB) hainbat herrialdetan. Ezinegon horren oinarria da baserri gehienetan ez dutela diru sarrera duinik eta etorkizunerako aurreikuspen baikorrik, neurri handi batean EBk hamarkadetan zehar aplikatutako politika neoliberalen ondorioz. EHNE eta ENBA sindikatuen iritziz, nekazaritza sektoreak erantzun zehatzak eta errealak behar ditu bere arazoentzat, eta eskaerak hiru ardatzetan zehaztu dituzte.

Alde batetik, merkataritza askeko akordioen negoziazioak "berehala" etetea eskatzen dute. Zehazki, Mercosur bezalako akordioen negoziazioak geldiaraztea eta Zeelanda Berriagaz akordioa ez berrestea exijitzen dute, "ardi okela (bildotsak) eta esnea Europako merkatuetan sartzeak dakarren mehatxuagatik". Aldi berean, merkataritza askeko negoziazio-prozesu guztiak geldiarazi behar direla ohartarazi dute, etete luzamendu bat ezarriz.

Bestetik, baserritarrentzako prezioek ekoizpen-kostuak bermatu behar dituztela azpimarratu dute. Horretarako, merkatuaren erregulazioan oinarritutako elikadura-politika eskatzen dute, prezio duinak bermatzeko mekanismo gisa. Era berean, merkataritza jardunbide desleialei buruzko zuzentaraua modu eraginkorrean inplementatzea exijitzen dute, ekoizpen kostuen azpitik saltzeko debekuagaz batera.

Azkenik, Europako Nekazaritza Politika (NPB) sinplifikatzea ezinbestekoa dela ohartarazten dute: "Gehiegizko burokraziak kostu onartezinak eragiten dizkie baserritarrei, eta ez dute uzten helburuak betetzen".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun