Mintza Eguna 2024 eta 30. Kanpomartxo

Euskara udaberriagaz batera loratuko da Erandion

Ander Zarraga 2024ko api. 10a, 09:46

Apirilaren 28an, Erandiok euskararen aldeko hitzordu bikoitza izango du: batetik, 30. Kanpomartxo egingo dute Faoetan, eta, bestetik, Mintza Eguna, Altzagan.

Mintza Eguna euskara ikasten ari direnen, praktikatu gura dutenen edo inguru euskaldun batean lagunak egin gura dituztenen Euskal Herriko urteroko topaketa da. Bertan, zazpi lurraldeetako udalerrietako mintzalagun, berbalagun, mintzakide zein solaskideen taldeko kideak batzen dira. Ainhoa Luz Euskaltzaleen Topaguneko kideak laburbildu duenez, "talde hauek, normalean, astero batzen dira, baina errutina horretatik ateratzeko eta beste udalerrietako mintzalagunekin erlazionatzeko, saretzeko eta bestelako errealitate batzuk ezagutzeko urtean behin antolatzen dugu Mintza Eguna".

Aurten, Erandion egingo dute, apirilaren 28an, Berbotsek urtero antolatzen duen Kanpomartxo jaialdiagaz batera. Gainera, udalerri horretako euskara taldeak antolatzen duen jaialdiak 30 urte beteko ditu oraingoan; ospakizuna borobila izango da, beraz.

Topaguneko kideak azaldu duenez, Mintza Egunera bertaratuko den jende gehiena mintzapraktiketan aritzen direnak izango dira; izan ere, hiru autobus antolatu dituzte lurralde ezberdinetatik Erandiora joateko. "Hala ere, horrek ez du kentzen inguruko herritarrak ere bertaratzea; azken finean, jai bat da non lehentasuna emango zaion euskaraz aritzeari, eta irekia egongo da edonorentzat".

Goizetik hasita, bertaratuko diren mintzalagunek ongietorri-ekitaldia izango dute Aurori umoregileagaz. Horren ostean, bi proposamen izango dituzte: bisita gidatua Altzagako Ibarretik historialari batek gidatuta edo Mintzodromoan parte hartu. Azken horretan, online ere egon ahalko da, mundu osoko mintzalagunak arituko baitira ariketa egiten. Ostean, Ugaitz Alegriak gidatuta, hainbat mintzalagun sarituko dituzte beren ibilbidean egindako lana aitortzeko. Azkenik, bazkalorduan, autobusak hartu eta Faoetara joango dira Kanpomartxoko herri-bazkarian parte hartzeko.

30. urteurrena

Berbotseko kidea eta Erandioko Berbalaguneko dinamizatzailea da Mikel Zarate. Kontatu duenez, aurtengo Kanpomartxo Faoeta auzoan egingo dute, bertan egin zutelako lehen aldiz duela 30 urte. "Hala ere, betiko formatua izango du: Goi Alde, Trabudu eta Uztargi taldeen dantzak, trikitilariak eta Onintza Enbeita eta Peru Vidal bertsolariak egongo dira. Bazkalostean, kantaguneek alaituko dute bazkalondoa, eta bukatzeko, Luhartz taldearen erromeria egongo da".

Luzen ustez, horrelako ekimenek oso ekarpen positiboa egiten diote euskarari eta euskaltzaletasunari, "behin ariketa amaitu eta gero, lagun sare bat sortzen delako, beste modu batera ezagutuko ez liratekeen pertsonen artean, eta harreman hori euskaraz egiten delako. Gainera, modu ludikoan sortzen denez, bestelako ekintzak ere atera daitezke hortik, beti ere euskaraz egingo direnak". Zarate ere bat dator Topaguneko kideak esandakoagaz, eta gaineratzen du Kanpomartxok hori bera lortu duela Erandion, "auzoetan herriko jende euskalduna batzeko jaia delako, euskaratik euskararentzako sortua".

Egitaraua:

Apirilak 28, domeka

Altzagan

  • 11:15 Harrera, Merkatu Zaharrean.
  • 11:30 Ongietorri ekitaldia Aurorigaz.
  • 11:45 Hamaiketakoa.
  • 12:45 Bi proposamen aukera Merkatu Zaharrean: bisita gidatua edo Mintzodromoa.
  • 13:45 Esker emate ekitaldia, Merkatu Zaharrean.
  • 14:15 Autobusa Faoeta auzora, Kanpomartxo jaira.

Faoetan

  • 11: 00 Musika eskolako trikitilari eta panderojoleak.
  • 11:30 Euskal dantzak
  • 14:45 Herri-bazkaria.
  • 16:00 Astrabuduko eta Erandioko kantaguneak.
  • 17:30 Erromeria Luhartz musika-taldeagaz.
  • 19:00 Amaiera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun