Zeintzuk dira Berbotsek gaur egun dituen erronka eta helburu nagusiak?
Gure helburua da Erandion euskaltzaletasuna bultzatzea, bertso-saioak, Kanpomartxo edo Berbalagun bezalako ekimenak antolatuz euskaltzaleak elkartzeko. Horien bitartez euskara erabiltzeko guneak sortzen dira, herrian euskararen erabilera bermatzen dutenak. Emaitzak apalak izan arren, gutxika-gutxika eta modu errealistan egindako aurrerapauso bakoitza lorpen bat da.
Zenbat kide zaudete Berbotsen?
Aspaldiko jendeak jarraitzen du, eta jende berria ere batu zaigu, tartean, atzerritarren bat. Gaur egun, 60 bazkidetik gora gaude, baina ekintzen arabera aritzen gara; adibidez, Kanpomartxo antolatzeko 20 bat aritzen gara lanean, baina bertso-saioak, edo bestelako ekimen batzuetarako, gutxiago izaten gara, egunaren eta jardueraren arabera da hori. Horrez gainera, elkartearen ekintza nagusiak mantentzen ditugu, eta hainbat proiektu berri ere baditugu, eta horiei esker ere jende berria hurbiltzea espero dugu.
Abenduaren 3a. "Aurten, batetik, Gaitu kanpainaren proposamena egin ziguten Euskaltzaleen Topagunetik eta horren inguruan euskarazko grabaketak egingo ditugu; bestetik, Erandiogoikoan, Astrabuduan eta Altzagan hainbat ekintza antolatuko ditugu abenduaren 1, 2, 3 eta 4an"
Erandiok badauka bere bizkaiera berezia ere, hori berreskuratzeko asmorik badaukazue?
Bai, bagabiltza horretan ere, Erandigoikoan eta Goierrin, bereziki. Gazteok asko baloratzen dugu gure herriko euskara edukitzea, eta badago horretarako ahalegina; adibidez, Nahia Eguskizak eta Iñaki Gamindek horren inguruan egin zuten ikerketa eta hitzaldiak jarraitu ditugu.
Zein asmo daukazue etorkizunera begira?
Etorkizunera begira herrian aniztasuna jorratu nahiko genuke eta atzerritarrekin elkarlana sustatu. Berbalagunez gain, Ulerlagun ekimeneko proba pilotuan ere gaude sartuta; Berbalagunetan sartzeko mintzamen-maila baxuegia duen jendearekin taldeak osatzen, "ulerrizketa" metodologiaren bitartez ulermena lantzeko, hain zuen. Proba hori Donostian, Erandion eta Aretxabaletan egiten ari gara bigarren urtez. Horrez gain, nagusien etxeetan ere egon gara horietan dauden euskaldun zaharrekin berbalagun taldeak osatzen, eta nahi dutenei euskara irakasten. Beste proiektu batzuk ere definitzen ari gara eta lantaldeak osatzen gabiltza; adibidez, Haurren Aurrean Helduok Heldu dinamika urtean zehar ere zabaldu nahiko genuke ekintza ezberdinen bitartez. Oraindik gauzak zehaztea falta zaigu, baina bagabiltza zeregin horretan.