Elkarrizketak

Ainhoa Eguren: "Lehenengo Kanpomartxo apur bat 'kamikazea' izan arren, ondo atera zen"

Ander Zarraga 2024ko api. 22a, 10:20

Jose Angle Torre "Txantxel" eta Ainhoa Eguren, Kanpomartxoko antolaketa taldean ari dira.

Apirilaren 28an, 30. Kanpomartxo egingo dute Faoetan, Erandion. Hori baliatuta, Berbotsen eta jaialdiaren hastapenetan egon zen euskaltzale bategaz izan gara.

Kanpomartxok 30 urte beteko ditu aurten, eta Faoetako San Pablo eta San Bernabe baselizaren inguruan batuko dira hainbat euskaltzale, tartean, Euskal Herriko Mintza Egunera joango direnak.

Duela 30 urte, Ainhoa Eguren izan zen Berbots eta lehen Kanpomartxo antolatzen aritu zen erandioztarretako bat. Kontatzen duenez, "euskaraz berba egin nahi genuen lagun-talde bat batu ginen, eta Berbots osatu genuen. Gero, elkartea herrian ezagutzera emateko zerbait egin behar genuela pentsatu, eta norbaitek komentatu zuen lehen Kanpomartxo egiten zela, Garizumaren aurretik; jendea landa batean elkartu eta bazkari bat egiten zuten".

Horretan hasi zirenek horrelako jai bat antolatzeko baliabiderik ez zutenez, "gure kide bat Gezurra nagusi ETBko programara apuntatu zen, eta beste bi lagun joan ginen berarekin. Bide horretatik atera genituen 180.000 pezetari esker hasi ginen dena antolatzen". Herriko beste elkarte batzuk ere erakarri zituztela azaltzen du Egurenek, bakoitzak bere ekarpena egin zezan, "eta hor erabaki genuen auzoetan egin behar genuela, asfaltotik urrun".

Euskaltzaleak dioenez, gaur egungoak baino askoz ere xumeagoa izan zen lehen Kanpomartxo, "ez genekien nolako erantzuna izango zuen, baina, azkenean, arrakastatsua izan zen, eta urtez urte errepikatzen joan gara".

Bere ustez, jaia asko aldatu da ordutik: "Orain, jende gehiago etortzen da eta beste dimentsio bat hartu du: hasieran, bazkaria antolatzaileentzako eta musikari edo bertsolarientzako izaten zen, baina, aurten, 300 pertsonentzako bazkaria prestatuko dute". Horren guztiaren eraginez, jaiaren hasierako zergatia apur bat galdu egin dela aitortu du euskaltzaleak: "Euskararen eta euskal kulturaren inguruan elkartzea zen hasierako helburua, bakoitzak bere otordua eramanda. Orain, jende asko etortzen da eta ez dakit denek oso argi daukaten euskararen inguruan antolatzen den jaialdi bat dela". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun