"Gure nagusiek kalitatezko zerbitzu bat behar dute eta umeek ere eskubidea dute beraien pediatra izateko"

Ander Zarraga 2024ko mai. 17a, 11:26

Erandiogoikoako kontsultategiak arreta ematen die Erandioko landa-eremuko hainbat auzotako biztanleei.

Erandiogoikoko kontsultategiko erabiltzaileek salatu dute Osakidetzagaz "oso haserre" daudela, besteak beste, zazpi edo hamar egun itxaron behar dituztela medikuagaz zita lortu ahal izateko, eta horren aurrean, "automedikazioa edo larria ez den gauza batengatik larrialdietara joatea" besterik ez zaiela geratzen. Daborduko hainbat kexa jarri dituzte eta Osakidetzan eta Erandioko Udalean exijitzeko biztanle kopuruaren araberako zerbitzua eskaini dezaten.

Joana Bilbao Ibazeta bizilagunak azaldu duenez, azkenaldian hainbat kexa jarri dituzte Osakidetzan eta Udalari ere uren ezinegona jakinarazi diote, Erandiogoikoko kontsultategiaren zerbitzua kolapsatuta dagoelako. Momentuz, zer egingo duten zehaztu ez arren, azpimarratu dute argi dutela borrokan jarraituko dutela: "Osakidetzak ematen digu zerbitzua lotsagarria delako, gure nagusiek kalitatezko zerbitzu bat behar dutelako eta umeek ere eskubidea dutelako beraien pediatra izateko".

Arriaga, Erandiogoikoa, Faoeta, Enekuri, Goiherri eta Asua auzoetako herritarrak dira osasun-zentro horretako erabiltzaileak, eta azken urteotan, auzootako biztanleria asko hazi den arren, bizilagunek salatu dute mediku bakarragaz jarraitzen dutela. "Medikuaren ratioa eduki beharko lukeenaren bikoitza da ia-ia, berak esan zidan beste mediku bat jartzeko lana dagoela, egunean 22 paziente izan behar zituenean 45 izatera heltzen baita; gainera oporrak eta bajak ez dituzte betetzen, beraz mediku gabe egon gara hainbatetan", deitoratu du auzokideak.

"Auzoetako biztanleria areagotzeaz gain, gero eta jende nagusi gehiago dago, eta askok gaixotasun kronikoak edo arreta jarraitua behar dute; gainera, dispertsioa ere oso handia denez, medikua etxeetara joan behar izaten da, eta tarte horretan kontsultategian ez dago medikurik eta denbora asko galtzen da hor", gaineratu du erandioztarrak.

Pediatrarik gabe

Medikuaren arazoari pediatraren falta ere gehitu behar zaiola erantsi du Bilbaok. Azaldu duenez, pandemia aurretik kontsultategira aldiro joango zen pediatra bat eskatzen ibili ziren, seme-alabak Altzagako anbulatoriora eraman behar izaten dituztelako. Horretarako, sinadurak bildu zituzten eta bilerak egin zituzten Osakidetzagaz eta Udalagaz. "Udalak osoko bilkuran agindu zuen gaiaz arduratuko zela, eta orduko alkateak konpromisoa hartu zuen, baina bost urte hauetan auzoko umeen kopurua areagotu egin den arren, pediatrarik gabe jarraitzen dugu", salatu du. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun