Ategorriko igogailua martxan dago, bi urteko itxaronaldiaren ostean

Ander Zarraga 2024ko mai. 24a, 10:25

Ategorriko igogailuak 5.5 metroko altuera gainditzeko balioko die auzoko bizilagunei. © ERANDIOKO UDALA

Auzo-erkidegoen arteko desadostasunak ia bi urtez atzeratu du kaleen artean 5,5 metroko desnibela gainditzeko igogailua martxan jartzea. Lanak 2022an amaitu bazituzten ere, bizilagunen arteko adostasuna beharrezkoa zen erabilgarri jartzeko, eta, azkenean, Erandioko Udalak esku-hartu behar izan du egoera desblokeatzeko.

Altzagako Ategorri auzoan jarri duten igogailua Erandioko lehen hiri-igogailua da, eta Gernika eta Bereterretxe kaleen arteko 5,5 metroko altuera gainditzeko balioko du. Lanak 2022an bukatu zituzten, baina bizilagunen erkidegoen arteko akordio baten mende zegoen, martxan jartzeko. Halakorik ez zenez gertatu, prozesua asko luzatu da eta Udalak bere gain hartu behar izan du auzia, "bizilagunen eskari historiko bati erantzuna emateko aukera ematen duen egitura funtzionamenduan jartzeko". Lanek 150.000 eurotik gorako aurrekontua izan dute, eta horietako 100.000 Eusko Jaurlaritzak jarri zituen.

"Neurri honegaz irisgarritasuna hobetzen da, bereziki adinekoentzat, eta ibilbide irisgarri bat sortzen da Gernika eta Bereterretxe kaleen eta etxebizitza-multzoaren barruko bideen arteko elkargunearen artean", azaldu dute Udaletik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun