Erandioko kaleak kirolariz beteko dituzte Kirol Astean

Ander Zarraga 2024ko eka. 11a, 12:51

Beste kirol askoren artean, kickboxing eta boxeo erakustaldiak ere egingo dituzte. © UPPERCUT BOXING CLUB ERANDIO

Bihartik domekara, ekainaren 12tik 16ra bitartean, hamaika kirol praktikatzeko aukera izango da Erandioko Kirol Astean. Hurrengo egunetan, herriko elkarteentzako erakusleiho bat izan gura duen ekimenean, 25 kirol-ekintza egingo dituzte Altzagan, Astrabuduan eta Goiherrin.

Erandion kirola sustatzeko proiektu honek bi alderdi izango ditu: batetik, klubetako ikasleek eta taldeetako kideek egingo dituzten erakustaldiak, bertaratzen direnei egiten duten kirolari buruz emango dizkieten azalpenakaz osatuko direnak, eta, bestetik, parte-hartzaileak diziplina horiek probatu ahal izateko saioak.

Herritarrak kirol-talde horietan izena ematera animatzea da Kirol Astearen helburuetako bat, azpimarratu du Jon Garcia Kirol zinegotziak; izan ere, helburu horregaz eta udalerrian dagoen kirol eskaintza eskurago xedeagaz, Udalak gida bat argitaratu du, erandioztarren postontzietan banatzen ari dena eta PDF formatuan ere eskuragarri dagoena.

Bestalde, eta kirolari eskainitako aste honetako zapatuan, hilak 15, desgaitasuna duten pertsonak ikustarazteko martxa inklusiboa ere egingo dute. Ibilbidea 10:30ean irtengo da Astrabuduako Josu Murueta plazatik itsasadarreko errepiderantz, Altzagara joateko eta Irailaren 23a plazan amaitzeko. Bertan, hainbat erakundek azoka bat antolatuko dute beraien lana ezagutzera emateko.

Egitaraua:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun