Langileen artean gehiengoa duen LAB sindikatuak adierazi duenez, 2008tik indarrean dagoen enpresa-ituna berritzeko eskaerari enpresak uko egin dio, eta, hori dela eta, beharginak elkarretaratzeak egiten ari dira astelehen eta eguenetan. "10 hilabete baino gehiago dira enpresari jakinarazi geniola ituna berritzeko momentua zela, sektoreko hitzarmena sinatu ostean, baina enpresak jakinarazi digu ez duela paktua berritu nahi", deitoratu dute.
Halaber, azpimarratu dutenez, langileen helburuek ez daukate zerikusirik onura ekonomikoakaz, aitzitik, lan-baldintza hobeak eta eskulan gehiago eskatzen dituzte, beraien lana egoera hobeagoan egin ahal izateko. "Bai eta txanda-kontratuari legean aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten langileei eskaintzen dizkieten neurriak ere, egiten dugun lana oso gogorra baita", gaineratu dute.
LAB sindikatuko bozeramaileek gaineratu dute iaz ELAk eta UGTk Bizkaiko hitzarmena berritzea lortu bazuten arren, horrek ez dituela sektoreko langileen eta zerbitzuak behar dituen hobekuntzak ekarri: "Ez dituelako zaintza duina eta langileen eskubideak bermatzeko neurriak ezarri. Langile gehiago behar ditugu hobeto zaintzeko eta zaintzaileak zaintzeko. Egoitzetan ez dira konpondu azken urteotan erabiltzaileei eta langileei eragiten gaituzten arazo nagusiak".
Sindikatutik azpimarratu dutenez, gaur egun dauden ratioakaz, "ezinezkoa egiten zaigu zaintza duina eman ahal izatea", eta deitoratu dute Bizkaiko hitzarmenari esker eskuratutako KPIAren igoera langileen murrizketen lepora ari direla ordaintzen, bajak eta oporrak ez ordezkatzen. "Horrela, sektorea kudeatzen duten enpresek euren diru-gosea asetzeko, soldata-igoera, langileen osasuna eta erabiltzaileen arreta okertuz konpentsatzen dute", ebatzi dute LABetik.