Zaintza negozio bilakatzen denean

Ander Zarraga 2022ko mar. 7a, 16:16

Bizkaian 11.000 plaza inguru daude adineko pertsonen egoitzetan, duela 20 urte halako bi. Hazkunde betean dagoen sektorean negozio-aukera ikusi dute batzuk, eta horrek erabat feminizatuta dagoen sektoreko lan-baldintzak okertu ditu. Bitartean, beharginetako askok sektorean benetako aldaketa bat emateko garaia dela uste dute eta, horregatik, kalera atera dira. 

Europako biztanleria zahartuenetako bat daukagu Bizkaian: biztanleriaren % 23,4k 65 urte edo gehiago ditu (EUSTAT, 2021), eta datu horrek gora egingo du hurrengo urteetan, 2030ean, % 38,7 izatea aurreikusita baitago. Urte asko bizitzeak bestelako behar berriak sortu ditu gizartean, zaintzaren alorrean batez ere; era berean, horrek, negozioa egiteko aukera ikusi dutenak ere erakarri ditu, lehen etxeko eremu pribatuan egiten ziren zaintza-lanak profesionalizatu eta enpresen esku utzi baitira. Hasiera batean, gehienbat, zerbitzu publikoak ziren, baina, pixkanaka-pixkanaka, enpresak sartzen joan dira, eta sektorea negozio bilakatu dute, zerbitzuaren eta langileen baldintzak okertuz. Azken urteotan, beharginek egindako protesta eta greben bitartez ustezko hobekuntzak lortu dituzten arren, sektorearen prekarizazioa etengabea izan da. Hori ikusita, egoitzetako langileek mobilizazio berriak hasi dituzte; hala ere, askok uste dute arazoagaz amaitu dezakeen aukera bakarra pribatizazioak eten eta sektorea berriz ere esku publikoetara bueltatzea dela.

Azken urteotan, EAEko erresidentzien jabetzak eta kudeaketak norabide argia izan du. 1991n, egoitzen % 9 bakarrik ziren pribatuak, eta gainontzekoak jabetza publikokoak ziren; gaur egun, ordea, erakunde publikoek kudeatutako zentroak ez dira % 9ra heltzen, gainontzekoak enpresa pribatuenak edo beraiek kudeatutakoak diren bitartean. Horrela aurkezten du nagusien egoitzen pribatizazio-prozesuaren panorama Ahoztar Zelaieta kazetariak argitaratu berri duen Erresidentziak SA, zaintzaren negozioa Euskal Herrian ikerketa-liburuan. 

"Guk sektorean aldaketa bat eskatzen dugu, pertsonen zaintza erabat merkantilizatuta dagoelako. enpresa horiek langileon eta erabiltzaileen lepora ateratzen dituzte mozkinak"

Egoitzen kudeaketa eta jabetza esku pribatuetara pasatzeak lan-baldintzen okertzea ekarri du halabeharrez: alde batetik, enpresa horietako langileek erakunde publikoetan lan egiten dutenen erdia kobratzen dute, bataz beste; bestetik, langileei merkatuko logika arrazionalista hutsa aplikatzen zaiela dio Idoia Bustinza Erandioko Sanitas Loramendi adinekoen egoitzako langileak eta LAB sindikatuko prebentzio-arloko ordezkariak: "Zenbat eta langile gutxiago, orduan eta gehiago irabaziko dute". Horrek lan-baldintzetan eta erabiltzaileek jasotzen duten arretan eragin zuzena duela azaldu du Eider Gondra gerokultore getxoztarrak: "Lanean beti gabiltza erlojuaren kontra korrika, ordutegia aurrezarrita dago eta bete behar dugu. Ez dugu denborarik nagusiei behar bezalako arreta emateko, eta pertsonak izateari uzten diote; horrela bizitzea ez da duina". Naiara San Juan erizaina da, eta 19 urte daramatza arlo horretan lanean; berak ere kontatu du erresidentzietako pertsonek duten autonomia apurra kendu egiten zaiela: "Haientzat oso garrantzitsua da dituzten baliabide gutxi horiek praktikatzea, baina denbora behar dute, eta gure lan-kargagaz ezin dizkiegu janzteko edo jateko behar dituzten 20 minutuak eman".

Gainera, jende gehiago kontratatzeko eskatzen dutenean enpresariek ratioaren gainetik daudela esaten dietela deitoratu du Gondrak: "Kontua da ratio horietan erresidentzietako langile guztiak sartzen direla, mantenukoak edo ile-apaintzaileak ere, baina denok ez dugu lan berdina egiten. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak ezarritako ratioa beteko balitz, lan egitea ezinezkoa izango litzateke; egoiliarrak ez lirateke ezta ohetik ere jaikiko".

378 egun greban

2017an, Erresidentzietako langileek bizkaiko hitzarmena berritzea lortu zuten. 2017an, erresidentzietako langileek bizkaiko hitzarmena berritzea lortu zuten. © ELA

Horregaz bukatzeko asmoz, 2017an greba historikoa egin zuten Bizkaiko erresidentzietako beharginek, eta lurraldeko lan-hitzarmena berritzea lortu zuten: besteak beste, soldata igotzea eta laneko bajak % 100ean betetzea. Hala ere, garaipen gazi-gozoa izan zela aitortu Bustinzak: "Guk sektorean aldaketa bat eskatzen dugu, pertsonen zaintza erabat merkantilizatuta dagoelako. Enpresa horiek langileon eta erabiltzaileen lepora ateratzen dituzte mozkinak". San Juan erizaina ere bat dator Bustinzagaz, eta erantsi du, lorpen horiek enpresarien mozkinak gutxitu zituztenez, lan-karga beste alde batzuetatik areagotu dietela, irabaziak mantentzeko. 

Horren aurrean, nagusien egoitzetako langileak berriz ere kalera atera dira, eta 2017ko lanuzteetan ELA sindikatuak babestu bazituen ere, 2021eko abenduaren 14an eta 2022ko otsailaren 8an, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen laguntzagaz mobilizatu ziren, eta deialdietan jarraipen zabala izan zuten, Eusko Jaurlaritzak % 100eko zerbitzu minimoak ezarri zituen arren. Azken deialdiotan lan-baldintzen eta ratioen hobetzea, aldi baterako kontratuak murriztea eta IFASeko (Bizkaiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea) langileakaz soldata berdintzea eskatu zuten.

"Lanean beti gabiltza erlojuaren kontra korrika; ordutegia aurrezarrita dago eta bete behar dugu. Ondorioz, ez dugu denborarik behar bezalako arreta emateko"

COVID-19aren izurriteak argi utzi du ez dutela baliabide nahikorik lan egiteko eta sektorearen pribatizazioak hori okertu besterik ez duela deitoratu dute. "Aldundiari ahoa betetzen zaio esaten jendeaz arduratzen dela, baina zerbitzu hori azpikontratatu egiten dute, eta langileok baldintza penagarrietan egiten dugu lan, gure osasun fisiko eta emozionalari eragiten dion lan-karga itzelagaz", salatu du Bustinzak.

Lan-baldintzak gogorrak izan arren, hirurak bat datoz esatean bokazioagatik eta adinekoakaz lan egitea gustuko dutelako egiten dutela; horregatik daude baldintza duinak lortzeko eta kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko borrokan murgilduta. "Askotan galdetu didate baldintzak hain txarrak badira ea zergatik ez dudan utzi, baina guk hobetzea gura dugu, bestela okertu besterik ez da egingo", dio Gondrak.

Nor da patronala? Zelaietak bere liburuan azaltzen du sektore honek ehunka milioi euro mugitzen dituela Bizkaian, bere errentagarritasuna oso altua baita, % 20-25 ingurukoa. Dioenez, bitarteko enpresak baliatuz, adibidez, GESCA eta LARES konpainiek, hainbat egoitza kudeatzen dituzte, eta, horien atzean dirutza handiak eta inbertsio-funtsak daude. Gainera, azken urteetan, ate birakarien sistemari esker enpresa horietan sartu diren hainbat politikari eta kargudun aipatzen ditu izen-abizenakaz; horiek kontratatuz, enpresek informazio pribilegiatua eta aparteko harremanak eskuratzen dituzte erresidentzien eta horien inguruko sektore guztia monopolizatzeko. Kazetariak adierazi duenez, "hau espainiar Estatuko beste toki batean gertatuko balitz izugarrizko zalaparta sortuko litzateke". Baina, orain arte, egoitzen sektoreko patronalak nolabaiteko zigorgabetasuna eta anonimotasuna mantendu du, hein handi batean administrazioak babesten duelako. 

"Horrelako ratioakaz  lan egitean ezin dugu behar bezalako zaintza-zerbitzua eman; erabiltzaileak ez daude abandonatuta, baina bai arreta faltagaz"

Sektore feminizatua

Baina erresidentzien sektorea ez da borrokan dagoen bakarra. Esate baterako, Bizkaian, etxez etxeko arreta zerbitzua ematen duten beharginek eta eraikinetako garbiketa zerbitzuetakoek hainbat protesta, greba eta mobilizazio egin dituzte azken urteotan. Denek dituzte bi gauza komunean: gehienbat emakumeak baliatzen dituzten sektoreak direla, hau da sektore feminizatuak direla, eta, azken urteotan, beraien lan-baldintzen okertzea etengabea izan dela; lan-karga gehiago, soldata-arrakala, bajak ez ordezkatzea eta aldi baterako kontratuak. 

Historikoki, emakumeek eremu pribatuan egin izan dituzte zaintza-lanak. Jardun hori profesionalizatu denean, baina, ez dute beste sektore batzuetako aintzatespena lortu, eta bigarren mailako lan prekarioak bezala egituratu dira: familiek mendekotasuna duten senideez arduratzen diren pertsonak kontratatzen dituzte, emakume atzerritarrak gehienetan, edo egoitzetan sartzen dituzte beste batzuek zaindu ditzaten. "Gizonezkoen sektorea izango balitz goizetik gauera aldatuko litzateke, ez genuke jasango emakume bezala pairatu behar dugun hamarrena ere", deitoratu du Bustinzak.

Zelaietak generoaren gaia ere azpimarratzen du bere liburuan, eta esaten du emakume horiekiko tratu txar instituzionala normalizatu egin dela: "Bestelako lan-gatazketan, gizonek gizonakaz negoziatzen dute, baina hemen, emakumeak dira gizonakaz negoziatu behar dutenak, eta patronalak erakunde publikoen aldetik duten babesari esker aske sentitzen da nahi dutena egiteko".

Bizkaiko © LAB ESKUMALDEA

Zaintzak etxean

Egoitzara joan aurretik, erabateko menpekotasunera arteko bidea oso luzea izan daiteke kasu batzuetan, eta familia arduratu ohi da senideen zaintzaz eta, gehienetan, emakumeen gain erortzen da erantzukizun hori ere. Gotzone Ajuria getxoztarraren senarrak endekapenezko gaixotasun bat izan zuen eta, erresidentzia batean sartu aurretik, etxean zaindu behar izan zuten: "Hasieran, guk zaindu behar izan genuen etxean, baina gero, laguntza emateko pertsona bat kontratatu behar izan genuen". Bere alabak, Uriz Morenok, azaldu du hasieran konpontzen ziren arren, beraiek ez zutela ez gaitasunik ez ezagutzarik horrelako beharrak dituen pertsona bat zaintzeko, eta, ondorioz, horrek kalte emozionalak eta fisikoak ere eragiten dituela gaineratu du: "Ez zaude horretarako prestatuta". Erakunde publikoen aldetik, hasieran, laguntza gutxi jaso zutela ere deitoratzen dute biek, eta oso prozesu burokratiko konplexua egin behar dela azaldu dute.

Morenok adierazi duenez, zituzten baliabide ekonomikoei esker laguntzeko norbait kontratatu zuten, baina horrela ez balitz, oso zaila egingo zitzaien behar bezalako zaintza ematea: "Bakoitzaren egoera unean uneko baldintzen araberakoa da baina, oro har, oso bidegabea da, baliabideak ez dituztenek bere gain hartu behar dutelako senideen zaintza. Arazoa indibidualizatu egiten da, baina denok behar izango ditugu zainketak gure bizitzako uneren batean. Gizarteak emakumeoi ezarri digu gure gain hartu behar dugun ardura dela; halere, zaintza afektutik jaio behar da, ezin da inposatu". 

Erlazionatuak

Egoitzak: zaharra noiz arte berri?

Erabiltzailearen aurpegia Uxune Iriondo Urbistazu 2022 ots 11 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun