Erandioko Altzaga ikastolako jantokiko langileek akordioa sinatu dute, zortzi hilabeteko grebaren ostean

Ander Zarraga 2024ko eka. 14a, 12:35

Greban egon diren Altzaga ikastolako jantokian lan egiten duten beharginak lortutakoa ospatzen. © LAB

Beharginek beraien lan-baldintzak gainontzeko jangela publikoetako langileen balditzakaz parekatzea lortzeaz gain, kudeaketa propioa mantentzea ere lortu dute. Azpimarratu dutenez, zortzi hilabeteko greba mugagabea, "oso borroka gogorra izan da, baina merezi izan du", beraien lan baldintzak "nabarmen" hobetzea lortu baitute. 

Langileek eta LAB sikatuak publiko egin duten oharrean lortu dituzten onurak zerrendatu dituzte, hala nola % 15eko igoera soldatan, KPIa berdintzea 2025, 2026 eta 2027 urteetan; urteko lanaldiak 1.750etik 1.592era pasatzea; zuzeneko kudeaketa; sexu-jazarpenei, jarrera sexistei eta genero-identitateagatik diren jazarpenei aurre egiteko protokoloa; langileen lanaldiak ez aldatzea eta kudeaketa mistoaren aldeko batzorde bat, IGEak langileak kudeatzeari utz diezaion eta Hezkuntza Sailaren bitartez egin dadin.

Azpimarratu dute kontziente direla gatazka "luzea eta gogorra" izan dela, baina beraien lana "balioan jarri" eta lan-baldintzak defendatzeko beharra izan dutela esan dute, "beldur eta presio askoren gainetik". Halaber, salatu dute beraien greba eskubidea urratua izan dela eta erasoak eta mehatxuak jasan dituztela, baina ohartarazi dute beraien baldintzen alde eta greba-eskubidearen alde borrokatzen jarraitzeko asmo dutela.

Azkenik, azaldu dute hemendik aurrera, hezkuntza-komunitate osoak kudeaketa mistoaren alde bateratua egin behar duela, tokiko jantoki, hurbil eta euskaldun baten alde, "eta hori guztia langileen eskubideak errespetatuz". Gaineratu dute borrokak eragindako zatiketa sendatzeko fasean daudela eta ez dutela inolako erasorik onartuko. "Horregatik, hezkuntza-komunitateari eskatzen diogu etapa berri honetan gatazkak alde batera uzteko eta bere gain hartzeko erantzukizuna". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun