Gambrak zuzenbidea ikasi eta abokatu izateko praktikak egin ditu Bilboko laguntza psikosozialerako Auzolan Moduluan. Halaber, EHUren Indarkeria Matxistak: Sare Esku-hartzeak izeneko graduondokoa ere ari da egiten, eta horren ikerlanean Uribe Kostako indarkeriaren biktimentzako eta haien seme-alabentzako dagoen arreta zerbitzua aztertu du. "Erandioztarra izanda, pentsatu nuen auzokide bat hurbilduko balitz esanez indarkeria matxista egoera batean dagoela, zein zerbitzutara bideratu beharko nuke?". Galdera horri erantzuna ematea abiapuntutzat hartuta, eskualdeko zerbitzuak aztertzen hasi zen.
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta integrala eta espezializatua jasotzeko eskubidea aitortzen die Legediak, hala nola Europako Kontseiluaren Istanbulgo Hitzarmenak eta 1/2004 Lege Organikoak.
"Bai nazioarteko Legediak, bai Espainiako Estatukoak, baita EAEkoak ere, aitortzen dute emakumeek arreta integral eta espezializatua jasotzeko eskubidea dutela eta erakunde publikoak direla hori bermatzeko erantzukizuna dutenak", azpimarratu du Gambrak, eta gaineratzen du "horiek orokorrak, zehatzak eta espezializatuak" izan behar direla.
Hala ere, erandioztarrak deitoratu du zerbitzu horietara laguntza eta aholku bila doazen emakumeek ez dituztela genero ikuspegia duen zerbitzurik ezta formakuntza espezifikoa duten profesionalak aurkitzen: "Tokiko erakundeetara joanez gero, ikusi dut Erandion bakarrik dagoela arreta psikologiko espezializatua. Beste udalerrietan badago aholkularitza-zerbitzua, baina horitan ez da genero ikuspuntua bermatzen, eta horietan berbiktimizazioa eragiten du".
Bere azterlanean ohartarazi du "diziplina anitzeko zerbitzu integral eta feminista baten beharra dagoela". Zerbitzu horrek bere gain hartu beharko luke arreta integrala: psikologikoa, gizarte-langintza, aholkularitza, zerbitzu ginekologikoa, laguntza judiziala... "Gainera, formakuntza prozesu jarraituak ere izan beharko lituzke eta heziketarako tresna bat ere izan beharko litzateke, indarkeria matxista ez delako bikotekideen arteko gauza bat soilik: gizarteko hainbat esparrutan ematen da, eta guztion ardura da".