Gizon bi atxilotu dituzte Panaman, Eneritz Argintxona erandioztarraren hilketan zerikusia izan dezaketelakoan

Ander Zarraga 2024ko abu. 8a, 11:53

Bocas del Toroko Fiskaltzaren Homizidio eta Femizidio Atalak gizon bien atxiloketa baieztatu zuen atzo. © @PGN_PANAMA

Bocas del Toroko (Panama) fiskaltzak 20 eta 39 urteko gizon bi atxilotzeko agindu du, 30 urteko erandioztarraren hilketagaz zerikusia izan dezaketelakoan. Bitartean, Argintxonaren hileta elizkizuna gaur egingo dute Erandiogoikoko Andra Mari elizan.

Eneritz Argintxona erandioztarraren gorpuzkia uztailaren 26a aurkitu zuten, buruan kolpe bategaz, beraz, Panamako fiskaltza kasua hilketa bezala ari da ikertzen. Aldez aurretik, familiaren gazteak bere desagerpena salatu zuen Colon irlan, Panamako Bocas del Toro probintzian.

Momentuz, Karibeko herrialde horretako fiskaltzak agindu du 20 eta 39 urteko gizon bi atxilotzea, Argintxonaren heriotzagaz zerikusia izan dezaketelakoan. EITB komunikabideak zabaldutako informazioaren arabera, atxilotuek Argintxonaren hainbat gauza omen zituzten beraien etxebizitzan.

Emakumearen gorpuzkiak aste honetan heldu dira Euskal Herrira, eta, gaur, abuztuak 8, hileta elizkizuna egingo diote Erandion, bere jaioterrian; arratsaldeko 18:00etan izango da, Erandiogoikoko Andra Mari elizan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun