Zerk egiten ditu berezi Altzagako jaiak?
Batetik, tradizioa eta historia, Altzagako jaiak oso sustraituta baitaude herriko tradizio eta historian. Urtero antolatzen dira eta belaunaldiz belaunaldi transmititu diren ohiturak gordetzen dituzte, hala nola nasapuntakoa, goitibeherak eta, aurten, lapikoen lehiaketa berreskuratzen saiatuko gara. Horrez gain, herriaren parte-hartzea ere azpimarratuko genuke. Jaietan, herritar guztiak inplikatzen dira ekitaldietan eta antolaketan.
Kultura aniztasuna ere osoa garrantzitsua da Altzagan, horregatik, festak kultur ekitaldi ugariz osatuta daude: musika, dantza, antzerkia eta kirol ekitaldiak, besteak beste. Gainera, horrek adin eta gustu desberdinetako pertsonak erakartzen ditu. Askotariko ekintzak eta ekitaldiak antolatzen dira: haurrentzako eta helduentzako jarduerak, kontzertuak, su artifizialak eta lehiaketa gastronomikoak, besteak beste. Azkenik, egun hauetan herri guztia batzen da lehiaketa gastronomikoen inguruan; berdin dio adina edo kuadrilla, herritar guztiek parte hartzen duten ekitaldi ikaragarriak dira. Hori guztia kontutan hartuta, Altzagako jaiak benetan bereziak eta ahaztezinak bihurtzen dira.
Nork botako du aurtengo txupina?
Aurten sistema berria daukagu pregoia nork irakurriko duen erabakitzeko. Jai-batzordeak erabaki beharrean, galdetegi bat zabaldu dugu herritarrek proposamenak botatzeko eta, gehien errepikatzen direnen artean, herriak bozkatuko du nork hartuko duen ardura.
Aurten berritasunik prestatu duzue?
Aurten, hainbat berrikuntza izango ditugu. Alde batetik, jaiak herri erdira ekarriko ditugu berriz ere, Irailaren 23a plazara, hau da, herriaren bihotzera. Erabakia herritarren iritzia entzun ondoren hartu dugu, eta guztien parte-hartzea errazteko asmoarekin egin da. Beste aldetik, pregoia herriak erabakitzea ere berritasun bat da, aurten herritarrek aukeratuko baitute bozka-bidez. Horrek jaiak herrikoiagoak eta parte-hartzaileagoak ere egingo dituela uste dugu. Horrez gain, altzagarren parte-hartzea sustatzea ere izan da helburua, horregatik, saiatu gara hori ahalik eta gehien sustatzen. Jai-batzordean gutxi garenez, jaiak arrakastatsuak izan daitezen, ezinbestekoa iruditzen zaigu herritarren laguntza eta inplikazioa izatea. Berrikuntza horiekin, herriaren ahotsa eta parte-hartzea erdigunean jartzea lortu nahi dugu, eta espero dugu aurtengo Altzagako jaiak guztion artean ospatzeko aukera izatea.
Esker-ematea: "Aurrekontu mugatuarekin ahal den gehiena egiten saiatzen gara; gustatuko litzaiguke gehiago egitea edo ekintza handiago eta hobeak antolatzea. Eskerrak eman nahi dizkiegu herriko merkatariei, haien lankidetza eta ekarpenak direla eta, aurrekontuaren zati handi bat hortik lortzen baitugu. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu txosnei ere, edalontzien salmentarekin diru kopuru garrantzitsua lortzen dugulako, baita kuadrillei ere, jaietan bizitza ematen dutelako"
Zein izaten da jaietako momenturik bereziena?
Txupinazoa. Jaiak hasteko unean herri osoa biltzen da plazan, eta emozioa eta alaitasuna oso nabariak dira. Herritarrak elkarrekin jaiak hasteko irrikan egoten dira, eta giroak aparteko energia du. Horrez gain, jaiak amaitzeko agurra ere momentu berezia da, jaiak nolakoak izan diren nabaritzeko unea delako eta herriari eskerrak ematen dizkiogulako egindako lan guztiagatik eta parte-hartzeagatik. Horrek, komunitate sentimendua indartzen du eta jaiak modu hunkigarrian amaitzeko aukera ematen digu.
Nola aldatu dira jaiak urte hauetan?
Azken urteotan, Altzagako jaiek aldaketa eta berrikuntza ugari izan dituzte. Batetik, musika eskaintza askotarikoagoa eta zabalagoa izan dugu jaietan. Genero ezberdinetako kontzertuak antolatu ditugu, adin eta gustu guztietako jendea erakartzeko. Bestetik, familia-lehiaketa berri bat hasi dugu, eta horrekin batera, parte-hartzea nabarmen handitzea lortu dugu. Ekimen horrek familia guztiak inplikatzen ditu eta jaietan aktiboki parte hartzea sustatzen du, giro atsegin eta familiarra sortuz.
Herritarrei bidali gurako zeniekeen mezuren bat?
Jakina! Herritarrei esan nahiko genieke aurten kide batzuk utzi egin dutela jai-batzordea eta beste batzuk sartu egin direla, aldaketak egon direla, baina saiatuko garela herriaren iritzia gehiago kontuan hartzen. Badakigu ez dela erraza jaiak guztien gustura egitea, baina ahalegin handia egiten ari gara ekintzak eta jarduerak guztiontzat egokiak eta askotarikoak izan daitezen. Badakigu ezin ditugula denak poztu, baina zuen iritzia entzuten eta horretara moldatzen saiatuko gara. Zuen parte-hartzea eta iritziak funtsezkoak dira jaiak hobetzeko eta denon gozamenerako. Eskerrik asko zuen laguntzagatik eta parte-hartzeagatik!