Eureka Domeka! emanaldien zikloa irailean bueltatuko da

Ander Zarraga 2024ko abu. 29a, 11:29

Programako azken egunean, Gariren kontzertuaren aurretik, Erraldoien Eguna ospatuko dute Altzagako kaleetan. © GAUTXORIAK ERANDIO

Dorleta Kortazar ipuin-kontalaria, Pomada kolektiboko poesia, Erraldoien Eguna eta Gari musikariaren kontzertua izango dira irailaren 15ean abiatuko den laugarren edizioko proposamenak.

Beste urte batez, Erandioko Gautxoriak kultur elkarteak iraileko domeka arratsaldeetarako kultur egitarau oparoa prestatuko du. Eureka Domeka! egitasmoa duela lau urte sortu zuten, iraileko domeketan euskaraz eta formatu txikian ekoiztutako askotariko proposamenak eskaintzeko helburuagaz.

Hala, urteotan Txurruka moilan batu dira ikuskizunok eskaintzeko asmoagaz, baina All Iron zubia eraikitzeko lanak direla eta, aurtengo emanaldiak herriko hainbat txokotan egingo dituzte. Ordutegiari dagokionez, aurrekoetan bezala, saio guztiak domeketan 18:00etan izango dira.

Aurtengo lehen hitzordua irailaren 15ean izango da, Tartangako latsarri zaharrean, eta Dorleta Kortazar ipuin-kontalariaren eskutik etorriko da. Hitzen lapurra izeneko ipuinean kontatuko du hizkuntza baten galerari eta berben boterearen inguruko istorioa.

Amodioa alfabetikoki antolatzeko saiakera egin zuten elkarregaz Monique Wittig eleberrigile eta pentsamendu lesbikoaren erreferenteak eta Sande Zeig zinemagile eta idazleak Maitaleen hiztegi baterako zirriborroa izeneko liburuan. Eta, hain zuzen ere, lan hori izango du oinarri Lizar Begoñak, Elena Olabek eta Eva Perez Pons idazleek Erandion estreinatuko duten emanaldiak. Irailaren 22an izango da, 18:00etan, metro-geltokiko irteeraren atzeko eremuan.

Bukatzeko, irailaren 29an Erraldoien Eguna ospatuko dute, kalejira, herri-bazkari eta Gari musikariaren kontzertu eta guzti. Egun horretan, eguerdi inguruan hasiko dituzte jarduerak Altzagako kaleetatik erraldoien eta buruhandien biribilketagaz. Arratsaldean, aldiz, Hertzainak taldeko abeslari ohiak eta euskal musikari erraldoi honek Behin bizitzea bakarkako laneko abestiak eskainiko ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun