Altzagako Erribera pasealekuko garabia eta eskultura kenduko dituzte oinezkoentzako zubia eraikitzen hasteko

Ander Zarraga 2024ko urt. 5a, 09:19

Gabonen ostean hesituko dute Altzagako moilaren eremua. © ERANDIO TURISMO

Behin Gabonak bukatuta, Erandioko Udalak Altzagako Erribera pasealekua hesituko du eta bertan dauden garabia eta Estelaren barrutik izeneko eskultura kenduko dituzte. Erandio eta Barakaldo elkartuko dituen zubia eraikitzeko lanak bukatzen dituztenean, elementu horiek berriz ere bere lekuan jarriko dituztela adierazi dute Udaleko iturriek.

Itsasadarraren ertz biak lotuko dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako zubiaren lehen harria aurreko urriaren 24an jarri zuten Barakaldon. All Iron izena izango duen zubiaren lanek 25,4 miloi euroko kostua izango dute eta 30 hilabeteko epean egitea aurreikusi dute. Proiektua Bilbo eta Getxo lotuko dituen Aldundiaren pasealekuaren proiektuaren parte da, itsasadarraren mugikortasuna eraldatzeko egitasmoa, hain zuzen.

Bere aldetik, Erandioko Udalak jakinarazi duenez, Gabonen ostean Altzagako moilaren ingurua hesituko dute, inguru horretatik abiatuko den zubiaren lanakaz hasteko. Era berean, arestian aipatutako proiektuari esker, pasealekuak 400 metro koadro gehiago izango dituela ere azpimarratu dute Udaleko ordezkariek.

Erribera pasealekuko eskuzko garabia XX. mendearen hasierakoa da eta parean dagoen Cables y Alambres edo horren aurreko La Franco Española lantegiko parte izan zen. Ondare industriala bezala izendatutako metalezko egitura Birminghamen eraiki zuen Richard C. Gibbins & Co Engineers enpresak.

Garabiaren ondoan, Jon Alberdi Bastidaren Estelaren barrutik eskultura ikusgarria ere dago. Tamaina handiko artelan hau 2008an egin zuen eskultoreak ibaiertzaren ondoan duen bere tailerrean. 

Udalak iragarri du garabia zein eskultura kontserbatu egingo dituztela, baita beste elementu apaingarri eta hiri-altzari batzuk ere, eta obrak amaitu ondoren berriz ere inguru horretan jarriko dituztela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun