Elkarrizketak

Lasy Philis: "Arteaz gain, 'drag'-a politika da"

Nahia Martinez Gondra 2024ko urr. 18a, 13:15

Lasy Philis Bilbao Bizkaia Prideko 2024 Drag galako irabazlea izan da. © TATIANA SEBASTIAN

Ekainaren 21ean Lasy Philisek aurrenekoz publikoa izan zuen  parez pare: oholtzara igo eta Bilbao Bizkaia Prideko Drag 2024 galako irabazle izan zen. Ordutik ez da gelditu, eta Erandioko San Agustin jaietako pregoia emateko ohorea izan zuen. Beragaz hitz egin dugu drag izatearen sentimenduaz, baita identitate ez-bitar gisa bizi izandako zailtasun eta buruhausteez ere.

Zer da drag izatea zuretzako?

Nik nire burua ikusten dut drag moduan, ez dut draga egiten, ni naiz drag. Definizio ofizialaren arabera, generoaren edo pertsona baten performancea da. Baina niretzako drag izatea eta egitea nire alderdi artistiko guztia ateratzea eta muturrera eramatea da. Nahi duzuna egitea, horretarako eraikitzen ari zarelako zuretzako pertsonaia seguru bat den hori: zure ni mundutarra adierazteko prest ez dagoena dragaren bidez adierazteko. Ileordea, makillajea eta takoiak janzten ditudanean, dudan nortasun guztia ateratzen da kanpora. Nire segurtasun falta guztiak alde batera utzi eta Yerai bezala sentitzen ez dudan botere bat sentitzen dut. Draga izatea arma bat da, defentsarako eta sorkuntzarako, zure buruarekiko maitasunerako. Artea eta espresioa ez ezik, draga politikoa ere bada. Izan ere, nik bide horretatik adierazi eta defenda dezaket queer mugimendu guztia.

Nor da Lasy Philis?

Galdera ona, kar-kar. Nik Lasy sortu nuen protestatzeko. Oso lotsagabea eta borrokalaria da. Asko gustatzen zaio zaurietan arakatzea. Ez nuke esango emakumea denik, ez baita nire helburua pertsonaia femenino bat gorpuztea. Halere, "montatzen" naizen bakoitzean konturatzen naiz panpinatxo bat dela. Gainera, oso lizuna da, nire alderik sentsualena ateratzen du. Lasy sortu nuenean, pertsona bat pertsonifikatzea baino gehiago kontzeptuetan pentsatu nuen.

© TATIANA SEBASTIAN

Lehen aldiz, Lasy Philis aurkeztu duzu Bilbao Bizkaia Prideko 2024 Drag galan, eta horren irabazle izan zara. Nola bizi zenuen?

Bai, uda honetan jaio da Lasy; 4 hilabeteko bizitza du soilik, kar-kar. Yerai gisa, 10 urte daramatzat dantzan, eta oholtzara igotzean, ez nintzen batere urduri sentitu. Izan ere, Yerai bezala igotzen naizenean ere pieza bat eta istorio bat antzezten dut. Halere, desberdina izan da, Lasy bezala bakarrik igo naizelako. Esango nuke oso naturala izan dela. Shock handia izan dut jaso dudan maitasun eta feedback positibo guztiarengatik. Niretzat hau izan da draga egiteko gai naizela baieztatzea. Azkenean, asko kostatu zait pausoa ematea, aspalditik egin nahi nuen zerbait zelako. Hala ere, nik uste trabesti jaio nintzela, draga nirekin egon da beti. Lasy nirekin jaio da, kostatu dena izan da moldatzea. Hasteko une eta leku egokiak behar izan ditut soilik.

© TATIANA SEBASTIAN

"Dragean askatasun handia dagoen arren, sistema patriarkal, bitar, transfobo eta sexista batean bizi gara. Genero batean ala bestean egokitu behar izateko presioak bere horretan jarraitzen du"

Zeintzuk ziren zure beldurrak?

Drag mundua oso gogorra izan daiteke. Drag-mota baten ideia dago. "Mutila" izanda ez baduzu "emakume" zis-genero bat ematen, ez zara draga egiten ari. Hasteko, ni ez-bitarra naizenez, oinarritik ari naiz generoa performatzen. Niretzat draga ez da jaiotzean ezarri zaidan kontrako generoa gorpuztea, baizik eta generoa berarekin esperimentatzea; rolekin eta genero-binarismoarekin jolastea. Dragak aukera ematen digu gure buruari uzten ez diogun hori askatzeko.

Buruhauste asko izan dituzu Lasy sortzeko momentuan pertsona ez-bitar gisa identifikatuta?

Bai; eztabaida handia dut oraindik. Duela "gutxi" ezagutu dugu zer den ez-bitarra izatea, eta binarismo ezak generoaren definizioa zabaltzen du, bide emanez femeninoa eta maskulinoa ez diren beste gauza batzuekin esperimentatzeko. Niretzako lana izan da txikitatik agindu didaten mutil-kaxa horretatik desintoxikatzea eta neska-kutxan ez sartzea. Eroso sentitzen naiz emakumeen izenordainekin, baina jendeari azaldu behar diot ez naizela neska bat, eta horrek nahasmen handia sortzen du. Beraz, etengabeko deseraikuntza da. Nik ikusten dut mutilentzat eta neskentzat arau desberdinak ezartzen dituela gizarteak; orduan, nik gehien gustatzen zaizkidan eta identifikatzen nauten gauzak hartzen ditut batetik eta bestetik. Dragean askatasun handia dagoen arren, sistema patriarkal, bitar, transfobo eta sexista batean bizi gara. Genero batean ala bestean egokitu behar izateko presioak bere horretan jarraitzen du.

© LASY PHILIS

Uste duzu gizarteak apurka-apurka ulertzen duela ez-bitartasuna?

Oraindik asko geratzen da. Jendea orain hasi da trans errealitateak ulertzen bitartasunaren barruan. Eredu bitarretik kanpo super gustura dagoen pertsona batek nahasmen handia sortzen dio jendeari. Etengabeko borroka da zure existentzia zuritzeko. Horretan, Lasyk asko laguntzen dit. Berak ez du generoa ulertzen, estralurtarra da. 4 hilabeteko bizitza du eta oraingoz panpina bat dirudi, baina horrekin esperimentatu nahi dut. Jendeak Lasy ikustea eta "hau zer da?" pentsatzea nahi dut. Hori da nire helburua. Horretarako, asko laguntzen dit genero bat gorpuzten ez duten dragak ezagutzea; adibidez, ardi bat edo pailazo baten ideia performatzen dituztenak.

Nolakoak dira zure showak?

Dantzaria naiz, eta Lasy tresna bat ere izan da denbora luzez pentsatu izan ditudan piezak sortzeko. Dantza-talde batekin, oholtza batean ezin dut nahi dudan guztia egin, baina Lasyrekin erokeria horiek guztiak egiteko aukera dut. Beti bilatzen dut egiten ditudan pieza guztiek euren alde aldarrikatzailea izatea. Horregatik, Lasy bozgorailu garrantzitsu bat da Yerairentzako. 

© LASY PHILIS

Aurten, Erandioko San Agustin jaietan pregoia irakurri duzu. Nola bizi izan duzu momentu hori?

10 urteko Yeraik ez zukeen inoiz hori imajinatuko. Nire herriaren aurrean egon nintzen diskurtso aldarrikatzaile bat irakurtzen eta lekua pertsona ez-bitar eta drag gisa okupatzen. Ez dakit zenbat trabestik irakurri duten pregoia udalerri batean, baina uste dut gertatutakoa historikoa izan dela. Oraindik prozesatzen ari naiz horra igo nintzela naizen trabesti puska gisa. Hala ere, presio handiarekin ere bizi izan dut. Asko gertatzen zaie gutxiengoa diren taldeei: mutil heterosexual eta zis bat igotzen bada, inork ez dio ezer exijituko. Baina ni hautatu nindutenean jendea berehala hasi zitzaidan galdetzen: "Gutxiengo honengatik zer esango duzu? Palestinagatik zerbait esatea pentsatu duzu?". Zergatik politizatu behar dut? Hasiera batean, nik hitzaldi dibertigarri bat soilik eman nahi nuen. Baina Lasy hautaketan atera zenean pregoilari izateko, Internet bidez eraso transfoboak izaten hasi nintzen. Orduan erabaki nuen erantzun bat eman behar nuela.

"‘Eskerrik asko hor egoteagatik, gutako asko ordezkatu gaituzulako’. Emakume horiek pertsona disidente batek emandako mezuan islatuta sentitzea irabaztea da niretzako"

Noren parteko erasoak izan ziren?

Erandioko kuadrilla baten eraso publikoak izan ziren, Instagram bidezkoak. Hasiera batean, herriaren aldetik esku hartu nahi izan zen, baina azkenean ezer ez egitea erabaki zen. Lotsagarria da, pertsona horiek ez didatelako niri bakarrik eraso egin, lehenago beste hainbat pertsonaren kontra ere jo dute. Beraz, gertatutakoak ikasteko balio behar du, berriro gertatzen bada, beste bide batzuetatik joaten jakiteko. Izan ere, pregoiaren egunean pertsona horiek bertan zeuden. Hala ere, nik, Lasy bezala, botere handia sentitu nuen. Bertan nengoen pregoia irakurtzen eta ez zuten ezer esan. Egia esan, komentario horiek berdin zaizkit, 27 urte baitira horrelako iruzkinak aguantatzen. Haien Interneteko isekei esker, jendeak bozka gehiago eman zizkidan pregoilaria izateko, eta euren erasoek emanaldietarako ideiak eman zizkidaten. Gainera, bizi izan dudan gauzarik politenetako bat Erandioko adineko emakumeen aldetik jaso nituen mezuak entzutea izan da: "Eskerrik asko hor egoteagatik, gutako asko ordezkatu gaituzulako". Emakume horiek pertsona disidente batek emandako mezuan islatuta sentitzea irabaztea da niretzako.

Gaur egun, erasoak jasotzen dituzu kaletik?

Bai, noski. Makillatuta doan marikoi bat naiz, bitarra ez den trabesti bat, arauz kanpoko pertsona bat. Gay kanonikoa banintz, ez nituzke eraso berberak jasoko. Baina ikusten duzu nola noan jantzita: gona batekin, ate bat bezala margotuta, ile luzearekin eta ulertzen ez duten zerbait gorpuzten... Iruzkin asko jasotzen ditut. Hala ere, gehienbat ez dira hitzezko erasoak, begiradak baizik. Askotan ohartu naiz grabatu egiten nautela eta ahapeka nitaz hitz egiten dutela. Gurasoek haurrei ematen dizkieten erantzunak ere lotsagarriak dira. Baina urteekin geruza bat sortzen duzu. Oso gutxitan eragiten dit iruzkin batek.

Zer esango zenioke dragean hasi gura baina beldurra ematen dion norbaiti?

Hasteko,  bere buruari denbora emateko. Pertsona horrek erabaki behar du noiz eta non egin. Nik 27 urte ditut, baina kontzientzia dudanetik amestu dut honekin, eta orain egin dut. Baina hastearen erabakia gauza askoren mende dago: zure familia, bizi zaren lekua, dituzun baliabideak, duzun kultura, LGTBIQ+ munduarekin duzun konexioa... Lekua, denbora eta maitasuna eman behar zaio erabaki horri. Esango nieke, batez ere, sortzeko beldurrik ez izateko, izan ere, ez dago araurik. Berdin dio makillatzen bazara ala ez. Garrantzitsuena da sortzen duzun pertsonaia eta atzean dagoen ideia. Huts egiteko eta ideia hori esperimentatzeko lekua behar da. Esango nieke ere queer mugimendutik elikatzeko. Eta iruzkin hau hutsala dirudien arren, esango nieke ez izateko beldurrik nahi duten eran izateko. Lasyk Yeraik barruan daraman guztia azaleratzen du, eta muturrera eramaten du. 

Zerbait gehiago gehitu gura duzu?

Ez da ahaztu behar draga politika dela eta oso bozgorailu ona dela gauzak salatzeko. Hala ere, ez gaude behartuta banderapean guztia hartzera eta gure borroka etengabe argi eta garbi adieraztera. Era berean, jendea animatu nahi dut bere auzoko drag emanaldiak ikustera joateko. Izan ere, gauza asko ditugu eskaintzeko eta oso "tipa" dibertigarriak gara. Gaur egun, estigma handia dago oraindik ere dragaren inguruan, baina errealitatea da publiko guztientzako garela: umeak, helduak, nagusiak... Horregatik, jendea animatu nahi dut tokiko dragaren aldeko apustua egin dezaten, askotan ez zaigulako merezi dugun ikusgarritasuna eta tokia ematen.

© LASY PHILIS

GLOSARIOA

  • Drag: Genero-rolakaz jolastuz sortutako adierazpen artistikoa. Performancea, makillajea eta musika bezalako elementuak nahastu ohi ditu.
  • Queer: Bitxia edo arraroa esan gura zuen ingelesezko irain bat zen jatorrian, XVIII. mendean sorturikoa. Egun, queer teoriak gizabanakoa bere genero identitateagatik edo orientazio sexualagatik sailkatzea errefusatzen du, sexu-genero sistema osoa zalantzan jarriz.
  • Montatzea: Draga karakterizatzea, adibidez, makillajea erabilita.
  • Ez-bitarra: Genero binarismotik (emakumea-gizona) kanpo dagoen genero identitatea. 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun